Aran Aldaik eta Yan Surgetek irabazi dute Aiako XVI. Argazki Lehiaketa

Onintza Lete Arrieta 2022ko abe. 21a, 09:22
Aiako XVI. Argazki Lehiaketako irabazleak, datorren urteko egutegia eskuetan. (Aiako Udala)

Aiako Udalak jakinarazi du zein diren argazki lehiaketako aurtengo irabazleak. Aurrena, udalak izendatutako epaimahaiak argazki guztien artean 52 argazki aukeratu zituen, eta erakusketa jarri zuen horiekin. Ondoren, herritarrek bozkatu dituzte gustukoenak, eta horiek erabaki dute 2023ko udal egutegia zer argazkik osatuko duten, baita sariak norentzat izango diren ere.

Aiako XVI. Argazki Lehiaketak baditu saridunak. Herritarrek izan dute argazki gustukoenak bozkatzeko aukera, eta herritarren artean, Aran Aldai izan da garailea. Bigarren saria Maialen Manterolak eskuratu du, eta hirugarrena, berriz, Aitor Blascok.

Aiarrak ez diren argazkilariek ere izan dute lehiaketan parte hartzeko aukera, eta horietan boto gehien Yan Surgetek jaso ditu, eta berarentzat izan da lehen saria.

Parte hartzaileek Aia gai hartuta egin dituzte argazkiak, eta aurrena udalak izendatutako epaimahaiak pasatu zuen galbahea, eta 52 lan jarri zituen Kultur Etxean ikusgai. Lan horiek bozkatu dituzte gero herritarrek, eta horietako hamabi bozkatuenak erabiliko ditu udalak urtero egiten duen udal egutegia osatzeko.

Udalak aurreratu du hurrengo urterako gaia librea izango dela, baina, beti ere, Aiari lotutakoa izan beharko duela.

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!