Txarri-Txiki aiarrak irabazi du Euskal Herriko XXVI. Txistor Lehiaketa

Onintza Lete Arrieta 2022ko abe. 22a, 12:59
Txarri-Txikiko eta Ezkurtxerriko ordezkariak, atzo, sariekin, pozarren. (Txarri-Txiki)

Atzo, San Tomas egunez, egin zen lehiaketa Donostian. Hirugarren saria Ezkurtxerri getariarrak irabazi zuen, eta tartekoa Irunera joan zen, Embutidos Fernandez enpresara.

Euskal Herriko XXVI. Txistor Lehiaketa egin zuten atzo Donostian, San Tomas egunez, eta Aiako Txarri-Txiki enpresako txistorrak lortu zuen lehenengo saria. 500 euro eta txapela eskuratu zituen Carlos Lekubek.

Hirugarren saria ere ez zen urrutira joan, Getariako Ezkurtxerrik lortu baitzuen. Agurtzane Subijanak jaso zuen saria: 200 euro eta oroigarria.

Tarteko saria, bigarrena, Irun aldera joan zen, Embutidos Fernandez enpresara. Andres Jesus Espinalek 300 euro eta oroigarria jaso zituen ordainean.

Guztira hogeita bat harategik parte hartu dute aurtengo edizioan, tartean eskualdeko hiruk: Aiako eta Getariako sarituez gain, Zarauzko Gesalaga ere izan da txistorra lehiaketan.

2019tik egin gabe zuten lehiaketa bere ohiko formatuan, 2020an bertan behera gelditu zelako pandemiagatik, eta iaz, berriz, lehiaketa itxia egin zutelako.

2018an, esaterako, Ezkurtxerrik irabazi zuen lehiaketa, eta hurrengo urtean ezin izan zuen parte hartu, irabazi ondorengo edizioan epaimahai aritu behar izaten baita. Txarri-Txikik ere sari bat baino gehiago du lortuta lehiaketa horretan.

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!