Giro aparta izan da Errege egunez Aristerrazuko erromerian

Onintza Lete Arrieta 2023ko urt. 7a, 12:00

Atzo iluntzean pixkanaka iritsi zen jendea Andatzara Izer eta Alabier trikitilarien doinuez gozatzera, baina erromeria hasi eta ordubete pasatxorako bete-bete zegoen plaza. Erromerian zehar panderoak zozkatu zituzten, eta atzotik bertatik salgai daude aurtengo egutegia eta baita pegatinak ere.

Erromeria zegoen iragarrita atzorako, Errege eguna, Andatzako Aristerrazu plazan, eta zaleek ez zuten hutsik egin. Izer eta Alabier igo ziren oholtza gainera 18:00etan, eta pixkanaka betetzen joan zen plaza. Ordubete pasatxorako bete-bete zegoen estalpea, eta giro aparta sortu zen.

Erromerian zehar lau pandero zozkatu zituzten antolatzaileek zozketako txartelak erosi zituzten herritarren artean –argazkian lau saridunak panderoa jotzen trikitilariekin–, eta tabernan salgai jarri zituzten atzo bertan hiru euroan aurtengo egutegiak, non markatuta dauden aurten erromeria egingo duten egun guztiak, eta baita Aristerrazuko pegatinak ere (euro batean), azken horiek autoan, eskuko telefonoan eta halako gainazaletan jartzeko.

Eguraldi hotza izan zen atzo, zerua garbi eta ilargi betea ederki ikusten zela, baina ederki berotu ziren erromerian bildutakoak, batzuk hankak eta gorputzak astinduta, eta beste asko, erromeria egunetan zabaltzen dute tabernari esker zintzurrak bustita.

Igande honetan ere erromeria

Bihar, igandea, hitzordu berria izango dute erromeriazaleek Aristerrazun, Mirari Azkune eta Aintzane Agirrebeña trikitilariak igoko baitira oholtzara 18:00etatik 21:00 aldera bertaratzen direnen iluntze partea alaitzeko.

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!