Oier Aranzabal: "Sormena saihetsezina da nire egunerokoan: ezinbestekoa"

Mireia Galarza Bastida - Gipuzkoako Hitza 2023ko ots. 12a, 11:22
Oier Aranzabal estudioan. (Mireia Galarza Bastida)

Bi dokumental egin ditu Oier Aranzabalek, Lou Topet musika taldeko kide da eta Zart kolektiboa sortu du. Euskaraz sortzen du. Haren Ulu Mediaren 'Artxipielagoa' podcastak Ondas sarietako bi izendapen jaso ditu.

Ikasketaz kazetaria da, eta egun podcasten munduan dabil buru-belarri Oier Aranzabal zarauztartua (Bilbo, 1988). Ulu Mediako kidea da, baina beste hedabide askotan ibilitakoa da. Madrilen bizi izan zen 3 urte bete arte, baina barruraino sartuta dauka euskara.

Ulu Mediak ekoizten duen Artxipielagoa podcastak Ondas sarietako bi izendapen jaso berri ditu; bata, soinu diseinu onenarena, eta, bestea, hizkuntza koofizialetan ekoiztutako podcast onenarena. Nola jaso duzue berria?

Lanean harrapatu gaitu, eta ez genuen espero. Bagenekien EITB gure lanaren hautagaitza aurkeztekoa zela, baina sorpresa izan da guretzat. Bereziki, soinu diseinuko hautagaitzarena. Izan ere, sail horretan Latinoamerikako eta Espainiako beste proiektu dezente daude, eta pozgarria da ikustea gure euskarazko proiektu hau ere kontuan hartu dutela.

Lantalde handia biltzen duen proiektua da Artxipielagoa. Zer esan nahi du tamaina horretako lan bat aurrera eramateak?

Denboraldi bakoitzak pertsona askoren lan izugarria dauka atzean, eta, egia esan, izerdi asko bota dugu gauden lekura iristeko. Azken finean, mundu bat sortu dugu bertan. Telesail baten parekoak dira gidoiak, eta grabaketak ere konplexuak izaten dira, ahots asko elkartzen baitira. Muntaketari dagokionez, erritmoak zehaztu behar izaten dira, eta horrek ere denbora asko eskatzen du. Niretzat, orokorrean, lan polita eta izugarrizko esperientzia ari da izaten proiektu hau. Gainera, aitortza jasotzeak indarra ematen du aurrera jarraitzeko, ez baita erraza izaten aitortza lortzea.

Hala ere, Artxipielagoa ez da parte hartzen duzun podcast bakarra, eta soinu fikzioa ere ez ukitzen duzun estilo bakarra.

Egia esan, ULU Median fikzioa lantzen dugu gehiago, baina betidanik gustatu izan zait elkarrizketa formatua podcastetarako. Horregatik sortu nuen Barruan gaude. Elkarrizketatuaren etxera sartzen gara atal bakoitzean, bi mikrofonorekin, eta dagoeneko ia 70 etxetan izan gara. Donostia Kultura eta Elhuyarrentzat egindako irratsaioa da Ispilu beltza, kultura magazin bat bezalakoa. Tabakalerarekin elkarlanean ere egin genuen Tabakalera hotsak podcasta. Bertan, espazio horretatik igarotzen ziren pertsona nahiz gertakariei buruz jarduten genuen. Eta ezin aipatu gabe utzi Harresi ikusezina, joan den urteko proiekturik azpimarragarriena. Bertan, Irundik Frantziara muga gurutzatzen zuten migranteen esperientziak bildu genituen, sei kapitulutan. Eduki guztiek ez dute erritmo bera eskatzen, eta saiatzen gara istorio bakoitzarentzat erregistro egokia bilatzen.

Irrati konbentzionalarekin alderatuta, indarra hartu du formatu horrek. Zergatik?

Orokorrean, izugarrizko gorakada izan dutelako eskari bidezko produktuek eta plataformek. Erreparatu Netflixi; orain dela urte batzuk ez zegoen, eta begira orain nolako arrakasta duen. Horrek eragina izan du irratiaren munduan ere. Podcastak 2004an sortu ziren, baina garai hartan formatu hori blogekin lotzen zen gehiago, eta beste ezaugarri batzuk zituen. 2014tik aurrera, ordea, nahierako edukien sugarrak hauspotuta, izugarrizko gorakada izan dute podcastek. Gainera, pentsa liteke podcastek irratia ordezka dezaketela, baina ez dauka zertan hala izan; osagarriak dira. Beste herrialde batzuetara begiratuz gero, podcastik arrakastatsuenak irratiak ekoiztutakoak direla jabetu gaitezke.

Euskarak behar al ditu plataforma berri horiek?

Sentitzen dut euskarak ez duela jakin izan nahikoa aprobetxatzen eskari bidezko produktuen trena. Ez dakit erantzuleak zein diren, baina aukera handi bat galdu dugu hor. Nolabait, olatu hori aprobetxatzen jakin duen bakarrenetakoa EITB izan da, EITB Podkast plataformarekin. Euskaraz ere behar dira kalitatezko edukiak podcast munduan, eta, agian, iritsi da garaia gure hizkuntzan produktu berritzaileak egiteko. Bestela, beste plataformekin gertatu den moduan, edukiak beste hizkuntzetan sortzen hasiko da jendea.

Zein plataformari buruz ari zara hizketan?

Youtuben, adibidez, jendeak jarraitzaileak eta arrakasta lehenetsi ditu, eta, zalantzarik gabe, hori lortzeko, logikoena da jende gehiagok hitz egiten duen hizkuntza bat erabiltzea; gaztelania edo ingelesa, kasurako. Dena da zilegi, baina helburuak beharko luke, nire ustez, komunitateari ekarpen bat egitea, eta, alde horretatik, sarean sortu diren logika asko ez zaizkit gustatzen. Interneten bizi garen garaiotan, euskal komunitateak hainbat esparrutan influencer-ak baino gehiago behar ditu erreferenteak.

Jarraitu elkarrizket irakurtzen Gipuzkoako Hitzako atarian

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!