Maite dugu maite gure euskara

Andrea Zipitria 2023ko ots. 18a, 09:04

Atzerritik iritsitako sei herritar euskara ikasten ari dira Aian aisa programaren bitartez. Otsaileko aldizkarian horiekin izan da KARKARA. 

Maite ditut maite gure bazterrak…Hala dio Mikel Laboaren abestiak. Bazterrak bakarrik ez, euskarak ere "pisu handia" du gure gizartean, eta horretaz ohartuta hasi da Lisbeth Lujan euskara ikasten. Pasa den abuztuan iritsi zen Perutik Euskal Herrira. Bi aste pasatu zituen Zarautzen eta, Aia ezagutu zuenean, segituan erabaki zuen bertan egingo zuela bizitza. 

"Etxean bezala sentitu naiz Aian hasieratik". Izan ere, "Perun bizi izan naizen herriak eta Aiak antzekotasun handiak dituzte; biak ala biak dira herri txikiak eta gertutasuna transmititzen duten horietakoak". 

Euskara hizkuntzaren berri ez zuen izan hona iritsi arte. Baina, herritarrekin hitz egiten hasi eta azkar asko konturatu zen euskarak duen garrantziaz gizartean. Horregatik ekin zion orain hilabete batzuk Aian euskara ikasteari AEKn, Aisa programaren bitartez. 

Ez da bakarra. Aurten munduko punta ezberdinetatik iritsitako sei kide ari dira horretan: hiru ikasle Pakistandik iritsi dira eta Japonia, Peru eta Salamancatik, bana. Guztiak, ordea, helburu berarekin: euskara ikastea. Aiako Kultur Etxean biltzen dira astelehenetan, astearteetan eta ostegunetan, ia bi orduz. 

2022. urte amaieran, Aiako Lardizabal Eskolak omendu egin zituen euskara ikasten ari diren herritarrok. Egiten ari diren ahalegina aitortu nahi izan zien orduan. Loretxo bana eman zien eskertza gisa. 

Aitortza hura gure hizkuntza ikasten jarraitzeko motibazioa izan zen euskara ikasleentzat. Eskoletako giroa, gainera, oso ona da; "klasera etortzea oso erraza izaten da", aitortu du Lujanek. Halaber, "euskarak gure bizitzan zer suposatzen duen ere ulertu dut. Horrekin batera egin daitezkeen harreman berriak eta sozialak anitzak dira". Bada, zer da euskara zuretzat? Galdera horixe egin nion Lujani. Erantzuna azkarra izan zen: "Kultura berri baten parte sentitzea". 

Kaixo da Lujanen ustez euskarazko hitzik politena, baita ikasi zuen lehena ere. Ordutik, asko dira astero Bittor Urbieta irakaslearen laguntzarekin ikasi dituen hitzak, "zailtasunak zailtasun". Izan ere, euskara hizkuntza ikastea ez dela erraza dio, baina ezerk ez du etsiaraziko perutarra.

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!