ERREPORTAJEA

Herri izaera duten auzo biziak

Andrea Zipitria 2023ko mar. 19a, 09:00
Aiako auzo elkarteak hainbat jarduera antolatzen ditu urtean zehar. Argazkian sokatira desafioa. (Edurne Albizu Lizaso)

Aiako kaskoak ez ezik, bertako auzoek ere erakutsi dute bizirik daudela. Eraikin zaharrak birmoldatu dituzte udalaren laguntzarekin eta, egun, auzotarren topagune bilakatu dira; gainera, hamaika ekintza egiten dituzte urtean zehar. Horren eredu dira Andatza eta Urdaneta auzoak. Karkarak erreportajeak argitaratu zuen gairen inguruan martxoko aldizkarian, eta orain irakurgai dago sarean.

Arrutiegia, Kurpidea, Etxetaballa, Iruretaegia, Olaskoegia, Andatza, Santio Erreka, Laurgain, Altzola, Urdaneta eta Elkano. Guztiak irakurri dituenak, ondo daki zertaz ari den kazetaria: Aiako auzoez. Kaskoa Pagoetaren magalean badago ere, Aiak azalera handia du. Eskolatik ondo ikasia dute aiarrek, bai, honako esaldia: "Gipuzkoako herri handienetakoen artean dago Aia azalerari dagokionez", eta horretaz harro daude, noski. Hain zuzen, bertan sakabanatuta daude aipatutako 11 auzoak. 

Administrazio aldetik auzoak izan arren, askok aspalditik izan dute herri dinamika indartsua, eta herri izaera izatera ere iritsi dira batzuk. Horren adibide dira azken urte hauetan sortu diren auzo elkarteak.

Edurne Albizu Urdaneta auzoko bizilaguna da; "aurrena Urdanetakoa, eta gero Aiakoa, eta ez Zarauzkoa", azaldu du, barrez. Duela bi urte sortu zuten Urdanetako Auzo Elkartea "auzoa biziberritzeko" asmoz, eta gaur egun 80-85 pertsona inguruk osatzen dute. Eskola Etxe bat dute auzoan, eta hori aprobetxatuz, bertan biltzen dira. Gainera, Aiako Udalaren laguntzarekin berritu egin dute: "Besteak beste, areto eder bat, komun bat eta leiho berriak atondu dizkigute", azaldu du. Elkartearen sorrerak "asko lagundu" diela iritzi dio; "izan ere, auzotar asko ezagutu ere ez ginen egiten, eta elkarteari esker, aurpegia jarri diegu bizilagunei".

Halaber, ekintzak antolatzen hasteko bidea izan da elkartea. "Izurriteak gogor jo zuen, eta nahiko isilik egon ginen hasieran; dena den, gauzak hobetu bezain laster ekin genion ekimenak antolatzeari". Pasa den urteko uda hasieran, San Joan suarekin abiatu zituzten ekintzak. "Suarekin batera, afari-merienda egin genuen frontoian, eta giro ederra izan genuen hitzordu hartan". Horrez gain, abuztuko asteburu batean Pagoetara irteera ere antolatu zuten. "Hogei bat lagun elkartu ginen, eta bertan pasatu genuen gaua. Arratsaldean, umeentzako jolasak antolatu genituen, afari-pasa egin, tertulian aritu eta han egin genuen lo. Goizean, berriz, Urdaneta auzora jaitsi ginen, eta elkartean gosaldu genuen, denok elkarrekin. Esperientzia ederra izan zen", adierazi du Albizuk.  

Zinema emanaldiak, Altxorraren bila jokoa eta paella-jana ere egin dituzte auzoan. "Altxorraren bila antolatzen dugun bigarren aldia izan da". Nobedade gisa, gainera, pasa den urtean, Olentzero Urdanetako auzora igotzea lortu zuten haurren gozamenerako, eta horrekin "oso gustura" daude auzotarrak.

Antolatutako ekintzak ez ezik, auzoan nabaritzen dituzten gabeziak biltzen ari dira, eta horiek guztiak Aiako Udalari helaraziko dizkiete. Esaterako, "asteburuetan jende asko etortzen da mendi buelta bat ematera Urdaneta ingurura, eta bertan daukagun aparkalekua azkar betetzen da. Horregatik, edozein lekutan uzten dira autoak. Arazo horri irtenbidea eman nahi diogu".   

Urdanetakoa baino zertxobait handixeagoa da Andatzako Auzo Elkartea, eta esperientzia ere handiagoa du; duela hainbat urte hasi ziren lehengo eskola zen eremua birmoldatzen, baina inaugurazioa 2018ko martxoan egin zuten, Aiako Udalaren laguntzaz egindako obraren ondoren.

"Auzoaren aldeko apustu aparta" zela ikusita, hasieratik bertako kide izan da Ane Sarasola. Egun, gainera, berak hartu du festak antolatzeko ardura. "Toki guztietan bezala, elkarte bat koordinatzeko barne antolakuntza beharrezkoa da, eta urtero hainbat rol hartu behar izaten ditugu. Aurten, niri tokatu zait auzoko festak kudeatzearen ardura", berretsi du. Horrez gain, badira diru kontuez edo instalakuntzaren egoeraz arduratzen diren elkarteko kideak ere, guztiak ere asmo berarekin: "Auzoa bizirik mantentzea". 

Sarasolak, ordea, festen gaia menperatzen du batik bat, eta horren inguruan eman ditu zehaztapenak. Izan ere, San Pedro jaiak ospatzen dituzte Andatzan, eta horiek antolatzeaz elkartea arduratzen da. "Laster hasiko gara gaia lantzen, baina momentuz, goiz da horren berri emateko, oraindik ez baitugu ezer itxi". Uda aldera, halaber, usakume tiraketa izaten da eta, azaroan, berriz, Auzo Eguna egiten dute. Gertuen dagoen ospakizun eguna, berriz, martxoaren 18a da, Barrikote Eguna.  

Ekintza horien guztien helburua da "bertako bizilagunentzat erakargarriak diren ekintza ezberdinak" antolatzea. Aipatutako horiek guztiak urtero errepikatzen diren ekitaldiak dira, baina badira "urtearen eta herritarren interesaren arabera" egitarauan gehitzen dituztenak ere. 

Kontuak kontu, "haur, gazte zein helduentzako topagune" bihurtu da Andatza Auzo Elkartea. Egunero irekitzen dute eremua. "Astean zehar gurasoak gerturatzen dira, batik bat, haurrekin. Parkea ere hortxe dago, eta Aiako kaskora igo beharrean bertan arratsaldea pasatzeko aukera hori eskaintzea izugarria da". Gazte zein helduek, berriz, "elkarte gastronomikoaren eremua erabiltzen dute, gehienbat". Hala ere, eraikina handia da, eta erabilera anitzak eskaintzen dituela azaldu du Sarasolak. Bi solairutan dute elkartea banatua, eta badute umeentzako egokitutako eremua edota kirola egiteko espazioa ere. Azken aukera horren barruan, esaterako, aerobik eskolak izaten dituzte astero-astero. "Irakaslea etortzen da eskolak ematera, eta talde polita osatu da aurtengoan".

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!