Denboraldi parekideena

Aritz Mutiozabal - Gorka Eizagirre 2023ko mar. 31a, 09:15

Jira-Bira Eulen-Nuuk klubak aurtengo txirrindulariak eta helburuak aurkeztu ditu. Emakumezkoen taldea osatu du lehen aldiz, eta tartean da Ainhoa Usandizaga txirrindulari aiarra.

Jira-Bira txirrindulari klubak 11 urte bete ditu, eta, esan daiteke, epe horretan urratu duen bideak gazte mailako gizon txirrindularientzat talde erreferente bihurtzeko balio izan diola. Bada, ilusio eta gogo horrekin ekin nahi diote aurtengo denboraldiari ere. Asmo hori azaldu zuten, behintzat, David Etxeberria entrenatzaileak, Ismael Etxarri taldearen bultzatzaileak nahiz txirrindulariek beraiek ere, joan den asteko ostegunean Modelo aretoan egin zuten aurkezpen ekitaldian.

Nabarmentzekoa da, halaber, aurten bestelako erronka bati ekin diola klubak: emakumeen taldea osatu du, bost txirrindularirekin. Xume ekin diote, baina gizonekin egin zuten bezala, pixkanaka sendotu nahi dute taldea, erreferente bihurtzeko; erreferente emakumezkoen kirolean nahiz ikusgarritasunean.

Horrez gain, jakinarazi zuten Zarauzko txirrindulari taldearen babesle nagusia den Grupo Eulen enpresak konpromiso horri eutsiko diola datozen denboraldietan; beste lau urterako berritu dute hitzarmena.

Jira-Bira Eulen-Nuuk taldeko txirrindulari gehienak euskal herritarrak dira, nahiz eta Espainiako eta Erdialdeko Amerikako bat edo beste ere badagoen. Eskualdeko hainbat ere badira: Iñigo Eizagirre, Eli Thomas eta Lide Eizagirre zarauztarrak, Iñaki Arzallus eta Ekain Ajerrista azpeitiarrak eta Ainhoa Usandizaga aiarra, hain zuzen ere.

Bestelako helburuak

Txirrindulariek dagoneko jokatu dituzte lehen lasterketak, eta denboraldiari begira, gizonezkoek argi dute zein den helburua: "Garaipenak lortzea", Iñigo Eizagirre ordezkari zarauztar bakarrak azpimarratu duenez. Dena den, jakitun da zaila izango dela, "bakarrak irabazten duelako eta maila handia dagoelako". Zentzu horretan, Eizagirrek dio profesionalak ez diren arren, "antzekoa" dela eskatzen dieten maila: "Profesional izateko, dagoeneko badena baino hobeak izan behar dugu".

Nolanahi ere, talde sendoa dutela diote, afizionatuetan lehenengo urtea duten txirrindulariak "indartsu" iritsi baitira. Iñaki Arzallus azpeitiarra da estreinako urtea duen txirrindulari horietako bat, eta etapa garaipenik lortzea ezinezko ikusten badu ere, pozik agertu da lehenengo lasterketetan egindako lanarekin: "Maila hartzen ari naiz oraindik. Datozen urteei begira ikasteko urtea da hau, baina lortu dut lasterketa batzuk amaitzea, eta gustura nago".

Ekain Ajerrista herrikideak, aldiz, bigarren urtea du, baina ez dio nahi bezalako hasiera eman aurtengo denboraldiari. "Erori egin nintzen Frantzian, eta gaixotu ere egin naiz. Hala ere, hasi naiz pixkanaka martxa hartzen, eta badut gogoa eta ilusioa".
Emakumeen taldearen estreinako urtea izanik, "ikastea, presentzia izatea eta gozatzea" izango dute helburu, Ainhoa Usandizagaren hitzetan. Dena den, presio apur bat sentitzen duela ere aitortu du aiarrak.

Lau diziplinatako lasterketetan parte hartuko dute emakumeek: errepidekoetan, pistakoetan, ziklo-krosekoetan eta mendiko bizikletakoetan. Zentzu horretan, Lide Eizagirrek dio gizonezkoen aldean oso lasterketa gutxi daudela emakumeentzat errepidean: "Euskadiko ligaxka den Trofeo Euskaldun lehiaketan 40 lasterketa inguru dituzte gizonek. Emakumezkoek, aldiz, sei baino ez ditugu. Mendian eta ziklo-krosean ez dago alde hori".

Omenaldia Jaime Hugarteri

Euskadiko Txirrindulari Federazioko presidente ohi Jaime Hugarte ere omendu zuten ekitaldian. Urte askoan euskal txirrindularitzaren alde egindako lana eskertzeko egin zioten aitortza; izan ere, Euskadiko Sei Orduak, Euskal Bizikleta eta Donostiako Klasikoa bezalakoak sustatu ditu, besteak beste. Ismael Etxarriren eskutik jaso zuen oroigarria Hugartek, erabat hunkituta. Halaber, Mathieu Hermans txirrindulari mitikoak bere biografia oparitu zion, sinatuta.

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!