Landare Berezien Azokaren 19. edizioa apirilaren 29an eta 30ean ospatuko da

Andrea Zipitria 2023ko api. 16a, 11:00

50 mintegik beren aleak ikusgai eta salgai jarriko dituzte. Azoka 10:00etatik 18:00etara egongo da zabalik, eta bitarte horretan autobus zerbitzua eskainiko da Aiatik, Oriotik eta Zarauztik.

Iturrrango lorategi botanikoa eta Aia udalerri osoa, kanpo eta barru, kolorez eta usain goxoz estaliko duten mundu guztiko landare, zuhaitz eta lore bitxiez beteko da apirilaren 29an eta 30ean. Izan ere, asteburu horretan ospatuko da aurtengo azoka.

Edizio honetan, Frantzia, Espainia eta Euskal Herriko 50 mintegik beren aleak ikusgai eta salgai jarriko dituzte Iturrarango Lorategi Botanikoan. Landare ezezagun, baina arazorik gabe lorategietan edo etxeko leihoetan zaindu daitezkenak aurkitu ahalko dituzte norbanako zein bildumagileek bertan. Izan ere, azokako parte hartzaileak landare berezien bildumagile espezializatu profesionalak dira

Azokarako sarbide bakarra Iturrarango bidegurutzetik izango da, hortxe salduko dituzte lau euroan azokara sartzeko txartelak. Hamabi urte azpiko haurrek doan izango dute sarrera.

 

Autobus zerbitzua

Azoka 10:00etatik 18:00etara egongo da irekita eta bi aparkaleku egokituko dituzte: Aian eta Orion –Txurrukan–. Handik doako autobusak ibiliko dira joan-etorrian. Aparkalekuetatik azoka gunera lehendabiziko autobusa 9:45ean aterako da, azkenekoa 16:45ean. Azoka gunetik aparkalekuetara, berriz, azkena 18:15ean izango da. 

Trenez gerturatuz gero, Zarauzko geltokian hartu ahal izango da autobusa – joateko lehena 10:25ean eta 14:25ak bitartean ordu-erdiero izango da eta handik aurrera orduro izango da, azkena 16:25ean; azokagunetik Zarautzera bueltatzeko lehendabiziko autobusa 10:45ean izango da, orduro egongo da baita ere, azkena 17:45ean izango delarik–.