Ainhoa Usandizaga: "Kirol batzuetan handia da emakumeen eta gizonen arteko arrakala"

Andrea Zipitria 2023ko api. 23a, 09:30

Kirola betidanik gustatu izan zaio Ainhoa Usandizagari, urte batzuez geldialdi bat egin bazuen ere. Orain arte, korrika ibili da jo eta su, baina aurten, erronka berri bat hartu du beregain: Zarauzko Jira-Bira txirrindulari klubak emakumeen taldea sortu du, eta bertako partaide izango da. Horregatik, apirileko Karkarak bera elkarrizketatu du.

Mendian zein asfaltoan. Bi modalitate horietako korrika saioetan parte hartzen du Ainhoa Usandizagak. Ez da horretara bakarrik mugatzen, ordea, duatloiak eta mendi bizikleta lasterketak ere aski ongi ezagutzen baititu aiarrak. Dena den, orain arte, korrikan zentratu izan da, batik bat, baina kirolak sortzen duen anbizio puntu horrek beste esparru batzuk probatzera eraman du. Hain zuzen, txirrindularitzan gehiago sakondu nahi du. Helburu horrekin, txirrindularitzarako prestaketa lanak egingo ditu, eta bere asmoa hainbat lasterketatan lehiatzen hastea da, duela gutxi Zarauzko Jira-Bira klubak sortu duen emakumeen Eulen-Nuuk taldearen izenean. Emakumezkoen txirrindularitzari bultzada ematea da talde horren helburu nagusia. Momentuz, beste lau emakumerekin batera ibiliko da maldak igotzen eta lehiatzen, baina azaldu du emakume oro ongietorria izango dela.  

Korrika egitetik txirrindularitzan federatzera. Nolatan eman duzu pausoa?

Egia esan, ez neukan aurreikusita, baina banuen arantzatxo bat txirrindularitzarekin. Txikitatik etxean ikusi dudan zerbait izan da. Izan ere, aitak eta osabak bizikleta denda bat izan zuten Villabonan. Askotan joaten nintzen bertara. Gainera, gaztetatik saskibaloian hasi nintzen, baina libre antzera izaten nintzen asteburuetan aita eta biok bizikleta hartu eta buelta bat ematera ateratzen ginen; gehienetan, ordea, mendira. Ondoren, koxkortu nintzenean, kirola alde batera utzi nuen, eta hainbat urtez ezer gutxi egin nuen. Geldialdi horretan ohartu nintzen kirolak nire bizitzaren parte izan behar zuela, asko laguntzen baitzidan aspektu askotan. Hori pentsatuta, Orioko atletismo taldean hasi nintzen eta, ondoren, duatloietan, mendi lasterketetan eta BTT modalitateko lasterketetan lehiatzera animatu nintzen, gaur arte. Modalitate horietan, noski, bizikletan ibiltzea tokatu zait, baina beti korrika egitean zentratu izan naiz. Joan den abenduan Zarauzko Jira-Bira kluba nirekin harremanetan jarri zen. Emakumeen Eulen-Nuuk taldea osatzeko nahia plazaratu zidaten. Aukera polita iruditu zitzaidan, eta baiezkoa emanda, hor gabiltza hastapen prozesuan murgilduta. Momentuz, bost emakumek eman dugu izena. Hala ere, gure asmoa taldea handitzen joatea da. Bide batez, txirrindularitza gustuko duten emakumeei dei egin nahiko nieke, ongietorriak izango baitira guztiak. 

Hasiera bada ere, dagoeneko ari zara lasterketetan parte hartzen, ezta?

Bai, hala da. Pandemia ostean BTT edo mendiko bizikleta lasterketetan hasi nintzen parte hartzen. Orain, horri jarraipena emango diot eta nire asmoa, behintzat, uda aldera, errepideetako lasterketetan hastea da; oraindik errepideko erritmoak ez ditut hartu, ordu dezente sartu beharko ditut horretarako, baina horretan zentratuko naiz aurten. 

Zeuk zer duzu gustukoago: mendia ala errepidea?

Nik, momentuz, nahiago dut mendia. Askotan jendaurrean presio puntu bat edukitzen dugu, eta alde horretatik, mendia erakargarriagoa egiten zait. Herritar orok ditugu egunerokotasunean kezkak, eta naturak badu gaitasun hori bizitzako gauzak beste modu lasaigo eta xamurragoan kudeatzen laguntzen duena. Mendiak autoezagutzarako ere balio duela esango nuke. Hemen inguruan, gainera, leku zoragarriak ditugu horretarako. Adibidez, Agorregiko burdinola ingurua. 

Aurtengorako zer helburu jarri diozu zeure buruari?

Momentu honetan prozesuaz gozatu nahi dut. Emaitza onak noizbehinka gustura hartzen dira, ez dut gezurrik esango, baina momentu honetan nire begiak prozesuan daude. Maila aldetik, badakit tartea badudala hobetzeko; beraz, hori landu nahi nuke, eta maila polita ematera iritsi.  

Eta, talde gisa, zer helburu du Eulen-Nuuk taldeak?

Emakumeen presentzia areagotzea. Urte askotan desoreka egon da, ez bakarrik txirrindularitzan, kirol askotan gertatu da. Desoreka hori gutxitzen joan da urteen poderioz, eta horren isla da emakumeen txirrindularitza talde hau. Dena den, oraindik bidea dugu egiteko, talde baten sorreraren hasiera besterik ez baita. Zentzu horretan, pertsona orok hausnartu beharko luke, gizon edo emakume rolaz harago, desoreka nola orekatu genezaken pentsatuz. Ondoren, eraginkorra izateko, hausnarketa hori praktikan jarri beharko litzateke, noski. 

Orduan, zure ustez, gaur egungo gizartean oraindik estereotipoak daude kirolean?

Garai batean baino zertxobait gutxiago, baina oraindik presente daude, bai. Horiek guztiak desagertzeko gizarte bezala lana egin behar dugu. 

Emakume izateagatik trabarik eduki al duzu txirrindularitzan?

Aurreko bi urteetan apustu sendoa egin da ikuspuntu horretatik Euskal Herrian. Hori garrantzitsua izan da, dirua jarri baita. Eta dirua jartzen den momentutik maila igo egiten da. Zergatik? Bada, emakumeek bete-betean horretara dedikatzeko aukera dutelako, eta ez erdizka, orain arte gertatu den bezala. Baina, diruak ere badu ikuspuntu negatiboa: merkantilizazioa. Erdiko zerbait behar dugu. Dirua beharrezkoa da soldata duin batzuk eduki ahal izateko, baina ez litzaidake gustatuko futbolarekin gertatu den desoreka hori gertatzea beste kiroletan; ikuspegi neoliberal horren aurka nago. 

Zein da, beraz, arazo nagusia?

Kirol profesionalari dagokionez, oraindik pauso batzuk ematea falta da. Hain zuzen, soldataren kontua oraindik hainbat lekutan kili-kolo dago. Bestalde, azpimarratu nahiko nuke kirola ez dela profesionalentzako bakarrik, eta halaber, ez dela norgehiagoketara bakarrik mugatu behar. Garrantzitsua da maila altuko kirolariak izatea, baina baita maila guztietako kirola egitea ere. Kirola, oro har, garapen pertsonal gisa hartu behar dugu; garrantzitsua da osasun ikuspegitik. 

Beste zerbait gehitu nahiko zenuke aipatutako emakumeen eta gizonen arteko arrakalari dagokionez?

Kirol prestakuntza prozesuetan emakumea aintzat hartzea gustatuko litzaidake; hilerokoa, kasu. Hainbat kiroletan ez da aintzat hartzen emakume bat noiz dagoen hilerokoarekin, eta beharrezkoa iruditzen zait. Izan ere, gorputza momentu horietan ez da berdin egoten, eta baliteke egun horietan, adibidez, beste modu bateko entrenamenduak egin behar izatea, edo behintzat, esfortzuak txikiagoa izan behar duela iruditzen zait, errendimendua ez baita bera. Nire bizipenetik diot; gogoan dut Pagoetako Mendi Lasterketa batean, 16. kilometroan zehazki, hilekoa jaitsi zitzaidala, eta horren ondorioz, errendimenduak behera egin zuen. Baina, tira, gorputz bakoitza mundu bat da, eta guztiei eragiten digu modu desberdinean hilerokoak; beraz, hori kontuan hartu beharko litzateke. Bide batez, aipatu, berdintasunaren aldetik, halako gaiak aztertzen dituen ikerketa zientifikoen falta nabaria dela gaur-gaurkoz. Horregatik, halako alorretan ibiltzen diren profesionalak animatu nahiko nituzke hilerokoa bezalako gaien inguruan sakontzera.