Berpiztutako trikiti plaza

Andrea Zipitria 2023ko eka. 9a, 11:35

Aurten inoiz baino beranduago heldu dira trikiti doinuak Aristerrazura. Hala ere, erromeriaren esentzia ez du galdu plazak, eta astero-astero 200-300 lagun inguru joaten dira bertara

Aristerrazuko plaza trikiti doinuz eta dantzariz janzten da igandero-igandero. Uda ate joka izatearekin batera, ohiturei jarraiki, plazari atsedena emateko unea iristen ari da, udazkenera arte; denboraldiko azken bi erromeriak eskainiko dituzte datozen bi igandeetan –Aitor Furundarena eta Iñaki Telleria ariko dira igandean; soinu handiarekin eskainiko dute saioa, eta azken 30 urteetan ez da halako emanaldirik izan Aristerrazun–.

Erromeriei agur esateko unea iristen denean, pena puntua izaten du urtero Juan Mari Azkue festaren antolatzaileetako batek, baina dudarik ez du egiten garrantzitsuena datorren denboraldian ere plaza bete jende elkartzea dela erromerietan. 
Azken denboraldia "arraro" samarra izan da Azkuerentzat, inoiz baino beranduago hasi baitira erromeriak eskaintzen: "Urte askotan Aristerrazu jatetxea kudeatzen ibili gara, eta hori ixtearekin batera, eta pandemia tarteko, erromeriarekin jarraitu nahi genuen, igandeetako ohitura ez galtze aldera, baina ez genekien oso ondo nola egin. Trikitilariekin harremanetan jarri nintzen, eta haien laguntzarekin elkarte bat sortu genuen, egitasmoa bizirik mantentzezko asmoz".

Hala, lehen erromeria azaroaren 1ean egin zuten, eta ordutik, asko izan dira igandero Aristerrazura joan diren herritarrak. Orain dela aste batzuk, informazio bilketa gauzatu zuten saioetako batean, bertaratzen ziren herritarren inguruko informazioa eskuratzeko. Datu horien arabera, Usurbil, Orio eta Goierri aldetik joaten da jende gehien; bada tartean Arabatik bertaratzen denik ere.

Datu bilketaren arabera, 200-300 pertsona elkartzen dira Aristerrazuko plazan igande batean. Dena den, neguko erromeriak izaten dira "jendetsuenak", Azkuek adierazi duenez. "Badirudi eguraldia hobetzearekin eta eguna luzatzearekin batera, bestelako planak ere asko izaten direla, eta beharbada horregatik, negu inguruan elkartzen gara jende gehien Aristerrazun", argitu du.

Gazte zein heldu dantzara

Azken urteetan Aristerrazuko erromerietara joan diren herritarrak "helduak" izan dira batez ere. Dena den, Azkueren poztasunerako, "gazte kuadrilla batzuk" ari dira animatzen, eta auzokoak ere igandeetan Andatzan geratzen hasi dira. 
Datorren urtean sasoi horrekin jarraitu nahiko luke Azkuek, eta aurreratu duenez, berrikuntzak ere izango dira tartean Aristerrazuko plazan. Hain zuzen ere, Aiako Udalarekin elkarlanean dihardute estalpea berritzeko.

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!