Andoni Iruretagoienak Binakako Euskal Pentatlloi Txapelketa jokatuko du igandean

Mireia Galarza Bastida 2023ko eka. 10a, 11:00

Guztira bederatzi bikotek parte hartuko dute finalean, eta 17:30ean hasiko da lehia Tolosako zezen plazan. IV. edizioa izango da igandekoa. 

Mahala Binakako Euskal Pentatloi Txapelketaren IV. edizioa jokatuko dute igandean Tolosako zezen plazan. Guztira bederatzi bikotek parte hartuko dute bertan, tartean Andoni Iruretagoiena Izeta VI.a aiarrak. 

Finala 17:30ean hasiko da, eta emakumezkoak izango dira lehenengoak lehiatzen. Nerea Arruti eta Amalur Arbelaitzek, Lucia Orbe eta Julia Martinezek, eta Oihana Barrena eta Lur Errekondok neurtuko dituzte indarrak, eta ondorengo probak egin beharko dituzte: Harriari 20 jasoaldi emango dizkiote, giza proban bi plaza egingo dituzte, aizkoran 45 ontzako bi egur ebakiko dituzte, txingekin sei plaza osatuko dituzte eta korrika bi kilometro egingo dituzte.

Gizonezkoen txanda izango da ondoren, eta bikote hauek lehiatuko dira bertan: Andoni Iruretagoiena aiarra eta Xabat Olaizola zarauztarra, Jagoba Otaegi zestoarra eta Julen Kañamares, Xabier Zaldua eta Aratz Mugertza, Ioritz Gisasola eta Jon Gisasola, Julen Gabirondo eta Beñat Telleria, eta Aritz Irazabal eta Benat Amade. Bi txandetan ariko dira, eta harriari 40 jasoaldi emateaz gain, giza proban lau plaza, aizkoran lau kanaerdiko ebaki, txingekin zortzi plaza eta korrika lau kilometro egin beharko dituzte.

Sarrerak aurretik Tolosako Kantabriko tabernan erosi daitezke eta bizum bidez 607 44 39 29 telefono zenbakian. Bestalde, ohi bezala, egunean bertan zezen plazako leihatilan egongo dira salgai.

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!