Nerea Amilibia: "Txapelak irabazteko grina daukat oraindik ere"

Unai Ugartemendia 2023ko eka. 14a, 12:00
Nerea Amilia lasterketetako batean. (Aritz Mutiozabal)

Ehunka txapel irabazi ditu Nerea Amilibia korrikalariak urte hauetan guztietan, eta sasoiko jarraitzen du oraindik ere; probak irabazten jarraitu nahi du. Berria egunkariak elkarrizketatu egin du.

Tolosaldeko Hiru Tontorretako maratoiaren (42 kilometro, +2.800 metro) aurreko egunetan da elkarrizketa Nerea Amilibia korrikalariarekin (Aia, Gipuzkoa, 1971). Halere, ez dago batere urduri. Urtea hasi zenetik, ia astebururo korritu du lasterketaren bat. Gazte baten irrikarekin ari da oraindik ere.

Nola hasi duzu mendi lasterketen egutegia?

Ondo hasi dut, betiko martxan. Oso gustura ari naiz aurtengoan ere, eta ia astebururo lasterketaren bat jokatzen nabil. Nire azken urteetako denboraldiak nahiko antzekoak izan dira, eta aurten ere ez dut aldaketa handirik egin. Urtarrilean jada hasi nintzen mendi lasterketekin, baina ez nuke jakingo esaten zenbat lasterketa daramatzadan aurtengoan. Inoiz ez naiz gauzak apuntatu zalea izan. Ia denak mendian jokatu ditut, baina Zarautzen [Gipuzkoa] ere korritu ditut errepideko lasterketa pare bat.

Urtea hasterako egutegia prestatzen duten horietakoa zara?

Ez, inoiz ez dut prestatu. Etortzen den bezala hartzen dut egutegia, ezer garbirik gabe. Lasterketa batzuk izaten ditut buruan, baina, ez pentsa, data gerturatu ahala ematen dut izena. Datorren urteari begira, agian, Zegama-Aizkorri egitea gustatuko litzaidake. 2010ean bigarren sailkatu nintzen Zegaman, Emanuela Brizio italiarraren atzetik. Polita izango litzateke hainbeste urteren ondoren berriro ere itzultzea.

Azken urteetan mendian ezagun egin zaren arren, zu errepidean hasi zinen korrika egiten.

Hala da, bai. 16 urterekin jada ama izan nintzen, eta haurdunaldian kilo asko hartu nituen. Zerbait egiten hasi behar nuela esaten nion neure buruari, eta korrika hasi nintzen. Gazteago nintzenean Orioko taldean ibili nintzen, baina ez genuen denborarik izaten egunero entrenatzeko. Baserrian nahiko lan izaten zen; eta aitari, gainera, ez zion batere graziarik egiten ni korrika ikustea. Beti marmarrean ibiltzen zen korrika ikusten ninduenean, eta ezkutuan ibili behar izaten nuen entrenatzen. Aitaren siestak aprobetxatzen nituen korrika ibiltzeko [barrezka].

Gauzak asko aldatu ziren gerora?

Pentsa! 2010ean-edo izango zen. Azpeitian [Gipuzkoa] jokatutako Izarraizko mendi lasterketa irabazi ondoren, helmugara iristen ari nintzela han ikusi nuen aita bere anaiarekin batera ni txalotzen. Hari begira jarri, eta negarrez ikusi nuen emozioak jota. Halaxe bota nion: «Ez negarrik egin orain! Garai haietan marmar gutxiago egin izan bazenit!».

Jarraitu irakurtzen berria.eus atarian.

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!