Auzo bazkariarekin hasi, kontzertu festarekin amaitu

Onintza Lete Arrieta 2023ko uzt. 22a, 18:39

Atzotik jai giroan murgilduta dira Santio Errekako bizilagunak, eta gaur jende ugari elkartu da frontoian egin duten bazkaritan. Arratsalde partean bost talde ariko dira zuzeneko musika eskaintzen: Ithaka, Intzak Hik, GZR, Lukiek eta Ezpalak.

Giro apartarekin ari dira santioak ospatzen Aiako Santio Erreka auzoan. Atzo gauean hasi zituzten festak Fan&Go musika taldearekin eta oilasko biltzearekin, eta gaur auzo bazkarira elkartu da herritar mordoa. Frontoian izan da, ohi bezala, eta parrilan egindako haragiak eta txotxetik ateratako sagardoak usain tentagarria utzi dute giroan.

Eguna borobiltzeko, 19:30ean hasita bost musika taldek eskainiko dute zuzeneko musika: Ithaka, Intzak Hik, GZR, Lukiek eta Ezpalak taldeek, hain zuzen.

Datozen egunetan jarraituko dute Santio jaiek, eta honakoa da egitaraua:

Uztailak 23, igandea

  • 12:00. Ume jolasak.
  • 16:30. Mus Txapelketa frontoian. Izen ematea 16:00ak arte izango da. 
  • 22:30. Bertsolariak: Sebastian Lizaso, Andoni Egaña, Angel Mari Peñagarikano eta Iker Zubeldia.
  • Ondoren, DJ Javi Hidalgo.

Uztailak 24, astelehena

  • 00:00. Abiba disko jaia.

Uztailak 25, asteartea, Santio Eguna

  • 10:00. Meza.
  • Ondoren, Zaharren hamaiketakoa Portun.
  • Jarraian, herri kirolak.
  • 18:00. Trikitilariak: Ansorregi eta Larrañaga.

Uztailak 26, asteazkena

  • 10:30. Meza.

Uztailak 30, igandea

  • 21:00. Oilasko biltzeko afaria Portun.

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!