Enara Oronoz eta Iker Eskibel izan dira garaile Aiako Mendi Duatloian

Aritz Mutiozabal 2023ko urr. 28a, 19:45

6,21 kilometro korrika eta 13,2 kilometro bizikletan osatu dute aurtengo parte hartzaileen, Andatzako plazan hasi eta helmugaratuta. Guztira, 82 lagunek hartu dute parte gaur arratsaldeko proban.

Euskal Herriko Mendi Duatloi Zirkuituaren barruan, Aiako III. Mendi Duatloia jokatu dute gaur arratsaldean Andatza auzoan. Hegoa haizea lagun ala etsai izan, giro ederrean jokatu dute lasterketara bertaratu diren kirolariek, aurrena korrika eta ondoren bizikletan. Proba gogorra gainditu eta gero, Enara Oronoz iruindarra eta Iker Eskibel eskoriatzarra izan dira garaile bakarkako mailan; erreleboka, berriz, Koldo Herrera eta Dani Iparragirre sunbillarrak.

Aurten, zirkuituaren dinamika aldatu egin dute antolatzaileek, eta korrika-bizikleta-korrika egin beharrean, korrika eta bizikleta egin dituzte hurrenez hurren. Ohi bezala, Aristerrazu plazatik hartu dute irteera, eta 6,21 kilometro egin dituzte mendian, belarditik basora sartuta; guztira, hiru buelta ibilbideari. Ondoren, beste hiru itzuli eman dizkiote bizikletako zirkuituari, 13,2 kilometro osatu eta plazan helmugaratzeko.

Gizonezkoetan, iazko garaile Josu Urrestarazu idiazabaldarra joan da agintzen ia proba osoan zehar, baina bizikletako sekzioan arazo mekanikoak izan ditu, eta horrez gain, atzetik ziztuan zetorren Iker Eskibelek aurrea hartu dio. Box eremura bosgarren postuan iritsi da, baina pixkanaka aurretik zituen guztiak pasatu ditu eta beretzat izan da garaipena, 01:18:47ko denborarekin. Unai Mateos ugaotarra izan da bigarrena, hiru minutura eta Ander Uriarte bergararra hirugarrena, lau minutura.

Emakumezkoetan ez du aurkaririk izan Enara Oronozek. Hasieratik amaierara arte lehen postuari eutsi dio, eta aise menderatu du lasterketa, 01:43:39ko denbora eginez. Korrika erosoago aritu dela aitortu du saioa amaitu berritan, eta adierazi duenez, gogorren egin zaion zatia bizikletako sekzioko asfaltozko eremua izan da. Gainerakoan, oso gustura sentitu da uneoro. Haren atzetik helmugaratu dira Nekane Pradera gasteiztarra eta Ainara Pequeño zumaiarra; bata, Oronozengandik hamar minutura, eta bestea, berriz, hamasei minutura.

Aurten, bakarka 40 lagunek hartu dute parte, eta erreleboka, berriz, 21 bikotek; guztira, 82 parte hartzaile aritu dira lehian. Sailkapenak kontsultatzeko Kirolprobak.com ataria bisitatu daiteke

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!