EH Bildu bat dator datorren urteko ordenantza fiskalekin

Andrea Zipitria 2023ko aza. 6a, 11:30

Ordenantza fiskalen proposamenean, EH Bilduk aurkeztutako bi proposamenak "bat osoki eta bestea partzialki" jasota geratu direla, nabarmendu dute ohar bidez. EH Bilduren lehen emendakina izan da ordainpeko udal-zerbitzuen ingurukoa. Bigarrena, berriz, etxebizitza hutsei %50eko errekargua ezartzearena.

Ohar bidez adierazi du EH Bilduk, datorren urteko ordenantza fiskalen proposamenari buruz zer pentsatzen duen. Lehenik eta behin, adierazi dute EH Bilduk aurkezpen proposamenari baiezkoa eman diola, eta baiezkoaren arrazoi nagusiena da: "gure emendakina aintzakotzat hartzea". EH Bilduren bi proposamenak "bat osoki eta bestea partzialki" jasota geratu direla zehaztu dute oharrean. 

Lehen emendakina izan da, ordainpeko udal-zerbitzuen ingurukoa: "Ordainpeko udal-zerbitzuetan norberaren errentaren araberako kostuak jasotzeko eskaera egin genuen; hau da, guztientzat prezio bat eta bakarra izan ordez, errentaren araberakoa izatea. Hala, errentarik baxuenak dituzten herritarrek ia %100eko hobariak eskuratzeko aukera izatea proposatu genuen, eta hortik abiatuta progresiboki igotzeko joatea".

Etxebizitza hutsei %50eko errekargua ezartzea ere adostu zen udalbatzarrean. Ildo honetatik azaldu dute "partzialki" jaso dela emendakin hori. "Hirugarrenetik aurrerako etxebizitza hutsetan errekargu hori ere progresiboki igotzen joatea" aurkeztu baitzuten. Dena dela, "aldaketa garrantzitsutzat" jotzen dute; "orain arteko jaso ez den norabide bat markatzen duelako etxebizitzaren arazoari heltzerako garaian". Horregatik guztiagatik, Gobernu Batzorde eta Udalbatzarretan ere "irekitako bidean jarraitzea" espero du EH Bilduk.

 

 

 

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!