Erregeen Karteruaren eta Ekain pailazoaren bisita izan dute Aiako umeek gaur eguerdian

Onintza Lete Arrieta 2024ko urt. 5a, 15:47

Iluntzean iritsiko dira Errege Magoak herrira, baina goizean ere hitzordu polita izan dute herriko umeek probalekuan: aurrena Ekain pailazoaren ikuskizunarekin nahikoa barre egin dute, eta ondoren, Erregeen Karteruari banan-banan eman dizkiote gutunak, eta goxoki batzuk patrikaratuta itzuli dira etxera.

Egun polita ari da izaten gaurkoa Aian. Izan ere, 19:00etan Errege Magoen bisita jasoko dute herrian, baina aurrez, eguerdi partean, probalekuan Ekain pailazoaren ikuskizunaz gozatu ahal izan dute herriko umeek nahiz haien gurasoek, eta ondoren Erregeen Karterua ere bertaratu da, umeen gutunak banan-banan jasotzeko, eta zintzoak izan al diren galdetzeko. Horiek goxoki batzuk patrikaratuta itzuli dira etxera.

Eguraldi txarra dela eta, herri batzuetan aldatu egin dituzte gaur arratsaldeko kabalkaden ibilbideak, edo horiek kendu egin dituzte eta toki bakarrean egingo dute ekitaldia. Aian, azken unera arte itxoingo dutela esan diote antolatzaileek hedabide honi. Euria bada, probalekuan elkartuko dira Meltxor, Gaspar eta Baltasar. Ateri bada, ohi bezala hilerri aldetik joango dira plazara, eta handik elizako zimitoriora.

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!