Gina Pizarro: "Herriari egindako oparia da Julianaren horma irudia"

Andrea Zipitria 2024ko urt. 21a, 09:13
Gina Pizarro margolana margotzen. (Utzitakoa)

Gina Pizarrok Aiako herriguneko pareta batean margolan berezia sortu du, Altzola auzoko Arrieta baserriko Julianaren irudia egin baitu bere asto eta guzti. Lanaren inguruan elkarrizketa egin zion Karkarak urtarrileko aldizkarian, eta orain elkarrizketa irakurgai da sarean.

Txiletarra da izatez Gina Pizarro, eta duela zortzi urte iritsi zen Aiara. Abokatua ofizioz, artista da afizioz. Berriz jaioko balitz, hacker eta graffiti sortzailea izan nahiko lukeela dio, baina 60 urte betetzear den honetan, sena ez du galdu, eta Aiako kalean pintatu berri du horma irudi bat lehen aldiz.   

Ezagutzen ez zaituztenentzat, zein da Gina Pizarro?

Arlo profesionalean, abokatua naiz izatez. Abokatu penala naiz, eta atzerritartasun gaietan aritzen naiz, batik bat. Maila pertsonalean, berriz, betitik gustatu izan zait jendeari arlo ezberdinetan laguntzea. Gobernuz Kanpoko Erakunde dezentetan ibili naiz boluntario gisa kolaboratzen. 

Eta nolatan bukatu du Txileko batek Aian? Zergatik Aia?

Nire ametsa izan da Europan ikastea. Lanari esker, jada ezagutzen nuen Euskal Herria. Izan ere, Txilen nintzela, Euskal Herrira etorri eta bertan esperientzia akademiko bat izateko aukera suertatu zitzaidan; eta, abokatu izateko ikasketak egin nituen. Duela hamabost urte inguru hasi zen guztia, baina Aian daramatzat azken zortzi-bederatzi urteak. Asko gustatzen zait herri gisa, eta bertan geratu nahi izan dut. Bizilagunek gertutasuna helarazten didate. Betitik esan izan da euskaldunak oso itxiak direla pertsona gisa, baina nik distantzia hori ez dut inoiz bizi; aurkakoa, oso ondo tratatu naute. 

Artista ere bazara zaletasunez. Nola igarotzen da bat koadroak pintatzetik muralak pintatzera?

Txikitatik gustatu izan zait margotzea. Ikastaro bat egin nuen, baina Txilen ez zegoen ondo ikusita arteko ikasketak egitea. Are gehiago, denbora alferrik galtzea zela uste zen. Horregatik, zuzenbidea ikasi nuen; gogoko dut hori ere. Ikasketak bukatu ondoren, pintaketa ikastaroak egiten hasi nintzen. Esaterako, urtero erretiro batera joaten naiz pintatzeko teknikak ikastera, baina kaleko mural bat pintatzen dudan lehen aldia izan da. 

Hain zuzen ere, Juliana irudikatu duzu pintatu berri duzun muralean. Zein da Juliana, eta zergatik aukeratu duzu?

Galderari erantzuten hasi aurretik eskerrak eman nahiko nituzke: hasteko, Asierri, Julianaren bilobari. Bere amona margotu ahal izateko baimena eskatu nion. Baita margolana egin dudan etxeko jabeari ere, bertan margotzeko aukera emateagatik. Udalari ere bai, ekimena babesteagatik. Arratsalde batean, bizilagunekin kafe bat hartzen ari nintzela, batek galdetu egin zidan ea ausartuko nintzatekeen kalean mural bat margotzera. Nik gustura pintatuko nuela esan nion, eta hor hasi zen guztia. Udaletxera jo nuen, argazki zaharren artxiboa ikustera. Osoa begiratu nuen goitik behera, inspirazio iturri bila. Ohartu nintzen emakumezko gutxi zirela argazkietan gordeta, horiek familia-nukleoan pieza garrantzitsuak izanik ere. Nik, ordea, garbi nuen emakumezko bat irudikatu nahi nuela. Ondorio horretara iritsita, herriko adinduekin elkartzen hasi nintzen, eta hala iritsi nintzen Julianaren istoriora. Juliana Altzola auzoko Arrieta baserrian bizi zen. Bere astoarekin etortzen zen kaskora erosketak egitera. Astoari zama jarrita egiten zuen bueltako bidea, baina kontua da astoak ez zuela nahi izaten zama gainean zuela mugitu, eta horregatik, Sugus karamelua eman behar izaten ziola animaliari etxerako buelta egiteko. Astoari ez ezik, herriko gaztetxoei ere sugusak ematen omen zizkien. Ikaragarri gustatu zitzaidan istorioa, eta hala erabaki nuen Juliana irudikatzea. 

Zenbat denbora behar izan duzu murala pintatzeko?

Bi arratsaldetan egin nuen irudia. Zirimiria egin zuen, ordea, eta horrek marrazkian eragina izan zuen; pintura hartu eta irudia berriz egin behar izan nuen. 

Zer nolako erantzuna izan du herritarren partetik?

Oso ona. Pintatzen hasi eta berehala herritar ugari gerturatu ziren tokira. Aiarrek oso ondo tratatu naute hasieratik, eta herriari egindako opari bat da horma irudi hau. Hasiera besterik ez da izan, gustatuko litzaidakeelako jarraipena ematea honi eta herriko txokoei kolorea ematea. 

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!