Probalekua, kulturaren plaza

Andrea Zipitria 2024ko ots. 16a, 09:54
Kultur egitarauaren aurkezpena, Probalekuan. (Andrea Zipitria)

Aiako Probalekuko bosgarren kultur egitaraua aurkeztu dute. Esti Markez, Eñaut Elorrieta eta Sara Azurza igoko dira oholtzara, eta trikiti jaialdia izango da estreinakoz.

Aiako Probalekuko egitarauaren bosgarren edizioa iragarri dute. Kultur eskaintza zabala izango da aurtengoan ere, Jon Ander Azpiroz alkatearen hitzetan, "inbertsio" gisa ulertzen baitute kultura: "Kultura duen herria herri aberatsa izango dela pentsatzen dugu", azpimarratu zuen asteazken iluntzean egin zuten aurkezpenean alkateak. Hala, Probalekuak hartuko ditu dantza, musika eta antzerkia, eta lehen aldiz izango da Aiako trikiti jaialdia aurten. 

2024ko kultur eskaintza osatuko duten protagonistetako batzuk bertaratu ziren aurkezpenera; "euskal sortzaile aberatsak" dira guztiak ere. Tartean izan ziren, Esti Markez, Ainara Saizar, Eñaut Elorrieta eta Sara Azurza. 

Horietatik guztietatik, Elorrietak irekiko du zikloa, apirilaren 20an. Hasteko eta behin, esker onak eman zizkion Elorrietak udalari "kulturarekiko halako jarrera izateagatik". Azkenengo lana aurkeztuko du gernikarrak (Bizkaia) Aian, jira bukaera "ortzi mugan" duela. Hain zuzen ere, maiatzean amaituko du Fantasia izeneko bira, eta, beraz, Aian lana aurkeztuko duen azken aldietakoa izango da; azken-aurreko kontzertua emango du, hain justu ere.   

Azurza Donostiako musikaria igoko da oholtza gainera ekainaren 1ean, eta Hemen berriro diskoa plazaratuko du bertan. Era berean, "datorren proiektu berri bat" aurkeztuko du Aiako hitzorduan. "Estilo askotako" doinuak entzuteko aukera izango da, eta "aiar guztiak" gonbidatu zituen hitzordura. 

Markezek etxean egingo du lan berriaren estreinaldia, azaroaren 30ean. Herritar gisa "sekulakoa" izango da Markezentzat Aian egitea diskoaren estreinaldia. Disko berriaren xehetasun askorik ezin izan zuen eman, izan ere, gaur-gaurkoz "grabaketa lanetan" murgilduta dabil. Zortzi kantu loratu ditu jada, eta beste bat ere bidean dela aitortu du. "Aiako kontzertuaren aurretik etortzen bada", igoko du oholtza gainera. 

Kultur egitaraua I. Trikiti Jaialdiak borobilduko du; izan ere, urteko azken ekitaldia hori izango da. Trikitizaleen bilgunea bihurtuko da egun batez, abenduaren 14an, Probalekua. Ainara Saizar padero jotzaileak aditzera eman zuenez, gutxi gorabehera bost bikote izango dira, eta, ondoren, ospakizuna luzatze aldera, afariren bat antolatzea da asmoa.

Gainerakoan, larunbat honetan emango diote hasiera kultur egitarauari. Iker Galartzaren eta Zuhaitz Gurrutxagaren Almazenean antzezlana izango da Probalekuan, 20:00etatik aurrera. Aiako Udalak azaldu duenez, oraindik geratzen dira sarrerak; aiaturismoa.eus webgunean edota Kultur Etxean eskura daitezke. Salgai daude, baita ere, martxoaren 16an izango den Gatiburen kontzerturako sarrerak. Dagoeneko 600 sarrera saldu dituzte, eta beste ehun geratzen dira.

Halaber, Alurr dantza taldearen emanaldia izango da urriaren 19an. Ekitaldi horretarako zein gainerakoetarako sarrerak aurrerago jarriko dituzte salgai.

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!