Urdanetako Eskola Etxea inauguratu dute asteburuan

Aiora LarraƱaga Solaberrieta 2024ko ots. 21a, 12:08

Aiako Udalak eraberritu du Urdanetako Eskola Etxea eta igandean egin zuten inaugurazio ekitaldia.

Urdaneta auzoa bizi-bizirik dago, eta horren erakusle da asteburuan inauguratu duten Eskola Etxea. Urdanetako auzotarren bilgune izan da eskola etxea urteetan zehar, baina "oso zaharkituta" geratu zen, eta auzo elkarteak eskatuta, Aiako Udala Eskola Etxea eraberritu egin du. Hain zuzen ere, egin dituzten esku-hartzeak asko izan dira: hezetasun arazoak konpontzeko eta eraikinaren isolamendu termiko eta akustikoa hobetzeko hainbat lan egin dituzte. Baita ere, leiho berriak jartzeaz gain, sarrerako atea ere berritu dute. Komuna egokitu dute, irisgarria izan dadin eta bukatzeko, instalazio ekipamenduei dagokienean osatu dituzte: iturgintza-lanak, klimatizazio eta elektrizitate lanak, suteen aurkako instalazioa, ikus-entzunezko instalazioa, argiztapena eta telekomunikazio lanak.

Igandean egin zuten inaugurazio ekitaldi ofiziala, eta ez ziren falta izan Agurra, trikiti doinuak eta dantza saioak. Auzotarrak gustura dira gune berrituarekin, izan ere udan ekintzak kalean egin daitezkeen arren, "negu partean babestuta dagoen gunea izatea auzorentzat oso inportantea" delako uste dute.