Malen Osak errekorra hautsi du Aiako XIII. Mendi Lasterketan

Andrea Zipitria 2024ko mar. 3a, 14:15

Osak 1:12:54 denborarekin lortu du errekorra emakumezkoen kategorian; gizonezkoen kategorian, berriz, txapela elkarbanatu dute Ekain eta Aimar Larrea anaiek. 1:08:50 denboran amaitu dute lasterketa.

Aiako XIII. Mendi Lasterketa jokatu da gaur goizean, igandearekin. Eguna eguraldi goibelarekin hasi da, baina lasterketarako ordua iristearekin batera atertu du. Probak iraun bitartean euria ez egin izanagatik ere, lokaztuta iritsi dira parte hartzaileak helmugara. Alabaina, asko eta asko izan dira korrikalariak animatzera gerturatu direnak, bai plazara eta baita inguruetara ere. Horrek sortu du giro aparta.

10:30ean abiatu dira kirolariak Pagoeta aldera eta lehenak helmuga, ordu bat pasatxoan igaro du. Hain zuzen, Ekain Larrea eta Aimar Larrea anaiak izan dira helmugara iristen lehenak. Biak batera zeharkatu dute helmuga, 1:08:50 denborarekin. Beraien atzetik iritsi da Hassan Aitchaou (1:09:22).

Emakumezkoen artean, berriz, errekorra hautsi du Malen Osak, 1:12:54 denboran amaitu du lasterketa, hamar minutuko aldea atera dio bigarrenari, Sarah Ugarteri (1:25:08). Irati Larrañagak osatu du podiuma (1:26:36).

Mikel Usandizaga (1:12:59) eta Tanya Salmeron (1:50:28) izan da Aiako lasterkarien artean lehenak. 

 

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!