Emakumeak plazara atera dituzte Aian horma-irudi bidez

Andrea Zipitria 2024ko mar. 5a, 14:00

Martxoaren 8aren atarian, emakumeek gizartean duten garrantzia irudikatzen duen horma-irudia egin du Udane Juaristi azkoitiarrak Aian, eta ikusmira handia sortu du herrian. Izan ere, irudi nagusia gaur egungo emakume batena da, baina zehaztapenik ez du eman nahi izan artista azkoitiarrak, arteak bide ematen baitu "norberak nahi duen bezala interpretatzeko".

Ikusmira sortu du azken asteotan Aiako frontoi atzealdean margotzen aritu diren muralak. Bertan emakumeak dira protagonista, hain zuzen ere, helburu horrekin sortu baita dimentsio handiko lana. Emakumeen “oroitza, aitortza eta esperantza” du oinarrian lanak Jon Ander Azpiroz alkatearen hitzetan. “Lehen izan ziren emakumeengatik, gaur egun direnengatik eta etorkizunean etorriko direnengatik”, sortu da, martxoaren 8aren bueltan.  

Bere estiloarekin finko, nahasezina da lanaren egilea. Udane Juaristik eman dio kolorea frontoiko hormari. “Aiako Udala harremanetan jarri zen nirekin, martxoak 8aren bueltan mural bat egin nahi zutela esanaz. Hasiera batean bozeto batzuk egiten hasi nintzen, herriko garai bateko argazki zaharrak begiratuz. Argazki asko daude, baina kuriosoa dena da emakume oso gutxi azaltzen direla argazki horietan. Eta horrek esan nahi du zerbait. Ez da Aian bakarrik gertatzen, emakumea ez da azaltzen. Beti plazan eta festa giroan gizona azaltzen da”, azaldu du artista azkoitiarrak.  

Guztira, lau emakume irudikatu ditu muralean. “Alde batetik, emakume bat dago baserrian lanean, laian. Bestetik, eskuin aldean, bi emakume sartu ditut, baina beraien janzkerei eman diet garrantzia”, dio Juaristik. Izan ere, iraganeko oroitzapenak ekarri dizkie gogora haien arropek: “nire amama eta ama etxeko lanetan ibiltzen zireneko oroipenak ekarri zizkidan argazkiak, eta nahi nuen baita ere emakumeek urteetan zehar etxean egin duten lanari garrantzia eman”.  

Iraganetik gaur egunera egiten du salto, ordea, muralak. Irudi nagusia da gaur egungo herriko neska batena. Izen-abizenak galdetzean, ordea, erantzunik ez du eman nahi izan Juaristik, arteak bide ematen baitu “norberak nahi duen bezala interpretatzeko”, hori bai, zehaztu du bere artxibo batetik ateratako irudia dela moldatutakoa.  

Emakume horien guztien artean konposizio gisa “triangelu bat” sortzen dute, kasik-kasik “irudi bakar bat sortuz”. Hori da muralaren funtsa: “lehengo emakumeak, gaur egungoak eta etorkizunekoak, denak bat eginda”.  

Irudiaren oinarrian dago Aiako plaza. Esan bezala, “emakumea irudi gutxitan ateratzen baita”, eta izan iraganekoa edo gaur egungoa, orain da emakumeak “plazara” ateratzeko unea.  

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!