Aldarriz bete dituzte Aiako kaleak Martxoaren 8ko kalejira zaratatsuarekin

Aiora LarraƱaga Solaberrieta 2024ko mar. 8a, 20:17

Aiako emakume feministak Azaroaren 25aren bueltan hasi ziren biltzen, eta "indarrez beteta" daudela aldarrikatu dute. Hala, herriko emakumeak aurrerantzean egingo dituzten bileretan eta deialdietan parte hartzera animatu dituzte.

Gaur arratsaldean, Aiako emakume talde batek deituta, Emakumeen Nazioarteko Eguneko mobilizazioa egin dute herrian. Lehenengo, arratsaldean plazan bildu dira haurrak maraka eta txapa tailerra egiteko, eta ondoren, 19:00etan hasita, kalejira zaratatsua abiatu dute herrian barrena. Herriko hainbat gunetan geldialdia egin du ekimenean parte hartu duten herritarrek, eta Aiako emakumeen omenezko koplak abestu dituzte. Herria zeharkatu ondoren, Udane Juaristi artistak Aiako emakumeen izenean margotu duen muralaren aurrean eman diote amaiera ibilbideari, eta bertan adierazpena irakurri dute antolatzaileek. "Urteak daramatzagu herrian feminismoa aldarrikatzen, batzuetan xumeago, eta beste batzuetan indarrez beteta, azaroaren 25ean egin genuen bezala. Emakumeen arteko energia eta elkartasunari esker, berriz ere elkartu gara gaurkoan Emakumeen Nazioarteko Eguna aldarrikatzeko". Hitzartzean azaldu dute hainbat bilera egin dituztela herriko emakume feministek azken hilabeteetan. "Talde anitza osatzen dugu eta lanean jarraitu nahi dugu". Beraz, aurrerantzean herriko emakumeak bileretan eta deialdietan parte hartzera animatu dituzte, "elkarrekin askoz idartsuagoak" direla argi dutelako. "Gora borroka feminista; Gora Euskal Herri feminista; Gora Aia feminista" aldarrikatuz eman diote amaiera kalejira zaratatsuari.

Gauean, 50 emakume inguru bilduko dira Aiako emakumeen afari feministan, Alkarren. 

Argazkiak: Aiora Larrañaga eta Aran Aldai

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!