Truke azoka antolatu dute kontsumo ohiturak aldatzeko asmoz

Andrea Zipitria 2024ko mar. 13a, 15:16
Irune Alda eta Jenny Ross. (Andrea Zipitria)

Lehen aldiz egingo dute egitasmoa Aian, apirilaren 13an . Aurrez bilketa izango da, apirilaren 8an eta 10ean. Pertsonako gehienez ere bost artikulu hartuko dira.

"Kontsumo ereduaren inguruko gogoeta" bultzatzeko asmoarekin, truke azoka egingo dute lehen aldiz Aian. Bi herritarren ekimenez sortu da ideia: Irune Aldai eta Jenny Ross bizilagunen lagunarteko elkarrizketa baten emaitza izan da, hain zuzen ere. Datorren apirilaren 13an, larunbatarekin, egingo dute gaztelekuan, 17:00etatik 20:00etara.

"Ingurumenaz asko ari gara hitz egiten azkenaldian, ingurumenean daukagun inpaktuaz, berotze globalaz, zaborraren kudeaketaz... Zaborrez goraino gaude. Beti hitz egiten dugu paperaz, plastikoaz, beiraz, errefusaz, eta arropa? Arropaz hitz egiten dugu, baina zabortegi handi horiek ez ditugu etxe ondoan. Herrialde pobreenetara bideratzen ditugu, ez dakigu bidean zer gertatzen den, baina zabortegi handiak ari gara sortzen", dio Irune Aldaiek.  

Gaur egungo kontsumo mota ere jarri du manifestuan Aldaik. Rossek, berriz, arroparen ekoizpena izan du hizpide. Izan ere, "askotan ez gara konturatzen horren atzean zer dagoen" eta argi utzi nahi izan du "esklabotza" dagoela oinarrian. 


Arropa bilketa

Horren guztiaren "hausnarketa" modura egingo dute azoka. Egitasmoa egin aurretik, ordea, apirilaren 8an eta 10ean arropa bilketa egingo dute gaztelekuan, 16:00etatik 18:30era. Herritarrei dei egin diete etxeetan jasota eta erabiltzen ez dituzten edo behar ez dituzten arropak eraman ditzaten, erabilera berri bat emateko aukera izango baita azoka. 

Arropa entregatzeko bete beharreko baldintza izango da jantzi guztiak "garbiak eta egoera onean" egotea. Bestalde, ez dituzte jasoko ondorengoak: oheko arropak, toallak, oinetakoak, uniformeak, barruko arropak edota bainujantziak. Gainera, gehienez ere pertsonako bost pieza hartuko dituzte. Hala, azokara eramandako gauza bakoitzeko txartel bana emango dute, eta horrekin beste gauzaren bat hartzeko aukera izango da. Aurrera begira berriro antolatzeko asmoa agertu dute antolatzaileek. 

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!