Hitzez elkarteak eta Eli Arrillagak jaso dituzte Landaola sariak

Aiora LarraƱaga Solaberrieta 2024ko mar. 14a, 15:12
Hitzez elkarteko kideak saria jasotzen, eta tartean da Arantxa Eizmendi aiarra. (Landaola)

Hitzez elkarteak Emakumeak Landa Eremuan saria jaso du, eta Eli Arrillaga zarauztarrak, berriz, Urteetako Ibilbideari aitortza.

Gipuzkoako landa eremuaren garapenaren alde lan egiten duen Landaola elkarteak VII. Landaola Sariak banatu ditu gaur Usurbilgo Sutegi aretoan, eta horietako bi aitortza eskualdeko proiektu eta norbanakoek jaso dituzte. Alde batetik, Emakumeak Landa Eremuan saria Hitzez emakume baserritarren elkartearentzat izan da. 2007an sortu zuten elkartea Urola Kostako bost emakume baserritarrek, landa eremuko emakumeen ongizatea eta autonomia lantzeko asmoz, eta Landaolak azpimarratu du elkartea "aitzindaria" izan zela "emakume baserritarrei bere bizipenak eta kezkak partekatzeko eta garapen pertsonala sustatzeko espazioak eskaintzen". Sari banaketa ekitaldian izan dira Hitzez elkarteko kideak, eta horien artean zen elkartea sortu zuten emakumeetako bat, Aiako Uztaetaburu baserriko Arantxa Eizmendi.

Bestetik, Urteetako Ibilbideari saria Eli Arrillaga zarauztarrarentzat izan da. 1980tik gaztagintza dihardu buru-belarri. Ardi latxen artaldea du eta Arrillagak Olaberrian igarotzen du negua bere artaldearekin, eta maiatzetik urrira bitartean, Urbiako Ttontor bordan. Gainera, Landaola elkarteak azaldu du zarauztarrak mendizale asko artatzen dituela artzainen bizimodua azaltzeko eta indarrak hartzeko mokadutxoa eskaintzeko, eta hainbat sindikatu eta erakundetako kidea ere bada. Hala, "komunikazio eta sentsibilizazio dinamiketan duen parte-hartze aktiboari esker, artzaintza, horren inguruko kultura eta usadioak gorde eta helarazten egiten duen lana" nabarmendu nahi izan dute.

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!