40 urtez galdutako altxorra

Andrea Zipitria 2024ko mar. 16a, 15:00
Iturraran parketxeko erakusketa bisitatzen bi herritar.

Ramon Urain margolariak eginiko Euskal Herriko hegazti habiagileen 124 akuarela berraurkitu zituzten pasa den urtean Arreta Pagoetako kideek, Pagoetako Natur Parkearen lurretan kokatuta dagoen Amezketalardi aterpetxean. Orain, horietatik 64 piezarekin erakusketa osatu dute. Apirilaren 1era arte egongo da ikusgai. 

Etxetik urrun urteak igaro ondoren, izaten da joera berriz ere jaioterrira bueltatzeko. Bada, hori gertatu da Euskal Herriko hegazti habiagileei buruzko akuarelekin. Iturrarango parketxera itzuli dira, ia 40 urteren ondoren, baina ez beraien kabuz: Arreta Pagoetako kideek aurkitu dituzte. Kide horietako bat da Amaia Agote, eta zera azaldu du gaiaren inguruan: "Iturraran parketxean urte batzuk badaramatzagu lanean, eta ale batzuk beti hemen ezagutu izan ditugu; zintzilikatuta zeuden erakusketa baten barruan, baina bagenekin beste zenbait jasoak zeudela halako kontainer bitxi batzuetan, kandadu eta guzti". 

Iaz berraurkitu zuten bilduma. Nonbait 2007an parketxea berritu zenean bilduma pasatu zuten Pagoetako Natur Parkearen lurretan kokatuta dagoen Amezketalardi aterpetxera, eta bertan zen bilduma, baina ez osorik. "Euskal Herriko hegazti habiagileei buruzko akuarelak Ramon Urain margolariak egin zituen 1980eko hamarkadan Jose Maria Faus ornitologoaren aholkularitzarekin. Hamarkada batez landu zuen bilduma, 1981etik 1992ra, eta 160 akuarela egin zituen. Horietatik 124 zenbatu ditugu Amezketalardi aterpentxean", zehaztu du Agotek. Alegia, gainerako horiek beste nonbait egongo dira, baina "non dauden ez dakigu". Parketxeko kideek ez dute amore eman, eta beraien asmoa da "bilaketa lanetan aritzea", hau da, "altxorraren bila ibiliko gara herriz herri, ea nondik zabalduta dauden". 

Aurkikuntza "altxor" bat izan da Agoteren hitzetan, eta horregatik, segituan pentsatu zuten erakusketa bat egitea parketxean bertan. Ikusgai dago dagoeneko erakusketa Iturraran eraikinean, apirilaren 1era arte. "Ia 40 urte dituzte akuarelek, eta 40 urteren ondoren, berpiztu bezala egin dira. Berriro ere agertu egin dira, publikoari begira jarri ditugu", azaldu du Agotek. 

124 akuarela horietatik aukeraketa bat egin behar izan dute: "Saiatu gara denetarik jartzen; txori txikiak dira asko, ugarienak ere horiek direlako. Okilek eta gau txoriek ere beraien presentzia dute, eta ehiztariek estimatzen dituzten beste batzuk ere badira tartean; zozo eta bele mota ezberdinak. Eta eguneko harrapakariak ere bai. Hautatxo bat egin da, bakoitzetik ale batzuk egon daitezen". Hala, zehazki 64 piezekin osatu dute erakusketa, eta harrigarria bada ere, hainbeste urteren ondoren guztiak ere "egoera onean" daudela jakinarazi du Agotek. "Batzuek markoa solte zuten, baina ikusten da ondo pentsatuta egindako bilduma bat zela eta, gainera, nahi izan zutela denbora askoan irautea, ze burdinazko kontainer handi batzuetan zeuden gordeta. Eremu hezea da Pagoetako Natura Parkea, eta harrigarria bada ere, hermetikoki ondo itxita egoteak posible egin du 40 urteren ondoren egoera onean egotea guztiak".    

Kontainer horiek mugitzeko izan dituzte komeriak, gaur egun Amezketalardirako pasabidea ez baita irisgarria. Hori dela eta, bertara "basozainen autoetan" iritsi behar izan zuten. Horiek kargatuta egin zuten Iturraraneko bidea, etxera buelta.  

Fitxak lagungarri

Ramon Urainek, hegaztien alderdi morfologikoen berri emateaz gainera, "haien edertasuna eta dotoretasuna erakutsi nahi ditu" Agoteren iritziz. Izan ere, askotan, "hegan ari direla edota landarediaren artean erdi ezkutuan daudela, ez gara jabetzen xehetasun askoz". Gainera, marrazkiak "zoragarriak" dira, kontuan izanda, "akuarela, duen zailtasunarengatik, artista gutxik lantzen duten teknika dela"; hain justu ere, "oleoa ez bezala, gaizki ateratzen bada, ezin da zuzendu edo gainidatzi; paperontzira doa zuzenean", gaineratu du. 

Akuarela bakoitzari fitxa zehatz bat erantsi diote, lagungarri. Fitxa horietan hegazti bakoitzaren habitata, banaketa, mehatxu eta kontserbazio egoera, sasoia, luzera, hego-luzera, ikusteko zailtasun-maila, arrautza, habia mota eta kantua daude ikusgai eta entzungai.

Lanketa handia izan bada ere, "asko ikasi" dute Arreta Pagoetako kideek fitxa horiek egitearekin batera. Bat edo beste gogora ekarri nahi izan ditu Agotek: "Kukuaren inguruan berezitasun bat ikusi dugu. Kukuak ez du bere habia propioa egiten, beti beste baten habian jartzen ditu arrautzak, eta bere arrautzak besteen eran mimetizatu ahal izateko, kapaz da kolorez aldatzeko". 

Okilaren kasua ere berezia dela dio Agotek. Entzuteko errazak badira ere, "bere burmuina heltzeko kolpeak eman behar ditu, bestela sekulako kalteak edukiko lituzke garunean". Halaber, "oso mingain luzea du", eta horretaz baliatzen da "zuloak egiten dituenean barruko intsektuak jateko". Aldi berean, "yo-yo baten moduan bildu egiten du mingaina burmuinaren bueltan, burmuinak zuloa egiten ari den bitartean kalterik izan ez dezan".  

Zentzu horretan, aipatzekoa da erakusketan ageri diren hegazti guztiak Aian aurki daitezkeela; "horrek ematen dio aberastasuna natura parke bati", esan du Agotek. Hain justu ere, 64 akuarela horietako batean ikusi daitekeen okil ertaina da azken urteetan Aian ikusi ez duten hegazti bakarra. 

Erakusketaren garrantzia

Luis Mari Zaldua Gipuzkoako Parketxe Sareko zuzendariak azaldu duenez, erakusketa garrantzitsua da hori delako Gipuzkoako Parketxe Sarea Fundazioak bere kabuz ekoiztu duen lehen erakusketa. Ramon Urain margolariaren akuarelak Gipuzkoako Foru Aldundiak erosi zituen 1990. hamarkadan, eta handik gutxira Eusko Jaurlaritzak bilduma horretan oinarritutako eta izenburu bera duen liburua argitaratu zuen. 2023ko urte bukaeran argitaratu dute edizio berritua Aranzadiren eskutik, Eusko Jaurlaritzaren eta hiru lurraldeetako foru aldundien babesarekin. "Memoria berrituan beste irudi batzuk daude jasota, baina orain Iturraran Parketxean ikusgai daudenak dira duela 40 urte egindakoak, lehen atlasa osatzeko erabili zirenak, eta benetan ikusgarriak dira", azaldu du Koldobike Olabide Gipuzkoako Foru Aldundiko Mendietako eta Natura Ingurumeneko zuzendariak. Ildo horretan, nabarmendu du hegaztien ikerketari garrantzia ematen diola Gipuzkoako Foru Aldundiak horien azterketak "ingurumena ezagutzeko datu asko" eskaintzen dituelako. "Hegaztiak dira ondoen ezagutzen dugun fauna taldea, eta adierazle bikainak dira ulertzeko gertatzen ari diren aldaketak, klima aldaketa eta biodibertsitatearen galera. Horregatik jarraitzen dugu arlo horren ikerketa bultzatzen. Hala, inauguratu den erakusketa ezagutza hori gizartearekin partekatzeko modu aproposa da". 

Zalduak, berriz, aipatu nahi izan du Urainekin harremanetan jartzen saiatu direla, baina ez dutela lortu, nahiko luketen arren. Era berean, azpimarratu du fauna eta pintura zaleentzat, eta bereziki hegazti zaleak edota akuarela zaleak direnentzat "aukera paregabea" dela Iturrarango parketxean egongo den erakusketa bisitatzeko.

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!