Pasa den asteko eraso sexistak salatzeko manifestazio zaratatsua egingo dute gaur arratsaldean

Andrea Zipitria 2024ko mar. 22a, 10:00

Aiako talde feministak egin du deialdia. 19:00etan elkartuko dira plazan, eta herrian zehar manifestazio zaratatsua egitea da asmoa, pasa den astean Gatiburen kontzertuan erasoa jasan zutenei "babes osoa" adierazteko. Aiako Udalak bat egin du deialdiarekin, eta baita ere Gipuzkoako Foru Aldundiak. Azken honek, adierazpena ere kaleratu du.

Pasa den larunbatean Gatiburen kontzertuan eman ziren eraso sexistak "ozen" salatzeko, manifestazio zaratatsua deitu du gaur arratsalderako Aiako talde feministak. 19:00etan elkartuko dira herriko plazan, eta herrian zehar ibili ondoren "ekitaldi xume" batekin amaituko dute hasitako leku berean. Bertan testu bat irakurriko dute, eta erasoa jasan zutenei "babes osoa" eskainiko diete.

Aiako Udalak bat egin du deialdiarekin, eta Gipuzkoako Foru Aldundiak adierazpena kaleratu du, Aian salatutako eraso matxistak arbuiatuz. Foru erakundeak, "elkartasun osoa eta babesa eskaini nahi die eraso horiek pairatu dituzten emakumeei, nahiz haren gertuko lagun eta senitartekoei", dio adierazpenak. Eta, halako erasoen oinarrian "gizon eta emakumeen berdintasun eza" dagoela salatu dute;"emakumeak kontrolpean izan nahi dituzten jarrera eta ideia matxistak", gaineratu dute. Aldi berean, emakume guztiek aisialdiaz eta gizarte harremanez "askatasun osoz gozatzeko eskubidea" dutela azaldu dute, eta horregatik, "indarkeria sexistarik gabeko kale, auzo, udalerri eta hiriak" nahi dituztela.

Nerea Isasi, Berdintasuneko foru zuzendariak parte hartuko du manifestazioan.

 

 

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!