Mikel Markez: "Helduok jakin behar dugu zer egiten duten gazteek; bestela, zer herri klase da hau?"

Imanol Saiz Gomez de Segura - Gipuzkoako Hitza 2024ko mar. 23a, 14:00
Mikel Markez, alabarekin batera. (Artxiboa)

Orain lau urte argitaratu zuen azken diskoa Mikel Markez abeslari eta Aiako bizilagunak (Errenteria, 1971). Gehiegi aurreratzerik ez badu ere, badauka lan bat esku artean. 30 bat urte daramatza musika munduan, eta, dioenez, asko aldatu da musika bizitzeko modua ordutik hona. Euskaraz kantatzen duten talde asko sortzen ari dira egun, eta horrexek pozten du Markez.

2020an kaleratu zenuen azken diskoa, Esti Markez alabarekin. Baduzu proiektu pertsonalik esku artean?

Ari naiz, bai. Oraintxe bertan, guk esaten dugun bezala, lokomotorrari ikatza botatzen ari natzaio. Hortxe nabil. Ez dut gehiegi aurreratuko; esango dut bertsolaritzaren inguruko lan bat izango dela, doinu berriekin eta nire sorkuntzatik egindakoa, baina ez dut gehiegi aurreratu nahi. Gauza hauek misterioa eta indarra galtzen omen dute aurreratuz gero. Baina horixe, uste dut hamar hilabete barru prest izango dudala. Ez dut Durangoko Azokarako egingo, ez dut presaka ibili nahi, eta beranduxeago kaleratu nahi dut. Hemendik urtebete ingurura izango dela esan dezaket, uda baino lehen. Horretan gabiltza buru-belarri. Ordura arte emanaldiren bat edo beste egingo dut alabarekin, izango ditugu agerraldi publikoak. Baina proiektu berri batekin eta herriz herri, 2025ean hasiko naiz berriro.

Zer esanahi du zuretzat Esti alabak zeure bide berbera hartu izanak?

Plazer bat, zalantzarik gabe. Pentsa: ni gaztea nintzela, 16-17 urterekin, ikusten nituen kantariak eta esaten nuen neurekiko: «Zeinen gauza ederra den herriz herri zure bizipenak edo zure gizartearen interpretazioari buruz kantatzen ibiltzea, zein modu polita den munduan egoteko». Orduan, nik hautatu nuen niretzako hori, eta niretzat hautatu banuen, zer gauza politagorik alabak mundu honetan egoteko modu berbera hautatzea baino? Kantatzea, kantuentzako hitzak idaztea… Alabak ere hortik jo du. Gure tradizioa, guk jaso duguna, tradizio bat da, zeinetan hitzak, esaten dugun horrek, baduen garrantzia handia. Eta alaba horretan ikustea ederra da. Harro nago.

Zer moduz moldatzen zarete oholtzan elkarrekin?

Erraza da alabarekin aritzea. Egia esan, pronostiko guztien kontra, primeran moldatzen gara. Ez da erraza harreman klase hori, ni aita naiz eta beti izango naiz aita. Eta hura beti izango da alaba. Badaude muga batzuk, eta denok ditugu gure egoak eta gure gauzatxoak. Baina egia da guretzat, behintzat, eta hark ere hala sentitzen duela uste dut, erraza izan dela. Bizitza guztia daramagu elkarrekin kantatzen, txikitatik aritu gara elkarrekin kantuan: etxean, bidaietan… Beti aritu gara kantuan ordu luzez, elkarrekin. Denetik egin eta probatu dugu. Oso entrenatuta gentozen, entsegu asko izan baititugu aspalditik. Garai batean esaten zen, adibidez, Ondarroako Argoitia anai-arrebak [Andoni eta Irune] afinatuta jaio zirela. Hortik ere pixka bat egongo da gurean; bat-batean ateratzen dira gauzak. Kantuan gaudela, badakigu noiz moztu behar dugun arnasa, adibidez; begirada batekin nahikoa izaten da gehienetan.

Jarraitu elkarrizketa irakurtzen Gipuzkoako Hitzako webgunean

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!