Bihar itxiko da Aiako udalekuetan begirale modura lan egiteko izen ematea

Intza Trula 2024ko api. 4a, 09:00
Artxiboko irudian Aiako udalekuak.

Uztailaren 1etik 30era 2008tik 2021era bitartean jaiotako umeentzako eta gaztetxoentzako udaleku irekiak ­egingo dituzte Aian. Begirale modura lan egin nahi dutenek bihar 14:00etara bitarte dute izena emateko aukera, Aiako udaletxean.

Bihar, 14:00etan, itxiko da Aiako udaleku irekietan izena emateko aukera. Hain justu, uztailaren 1etik 30era bitartean 2008tik 2021era bitartean jaiotako umeen eta gaztetxoen udaleku irekiak antolatu ditu Aiako Udalak, eta bertan lan egiteko begiraleak behar dituzte. Izena eman nahi dutenek horretarako aukera dute Aiako udaletxean.

Izena eman nahi duten begiraleek bi baldintza bete beharko dituzte ezinbestean: 18 urtetik gora izatea edo 18 urte aurten betetzea, eta euskaraz jakitea. Horrez gain, beste hainbat ezaugarri izango dituzte kontuan:

1. Begirale titulua izatea: 6 puntu.

2. Eusko Jaurlaritzak homologatutako eskolak izatea: 6 puntu.

3. Beste eskolak: 4 puntu.

4. Zuzendari titulua izatea: 2 puntu.

5. Hezkuntzarekin lotutako ikasketak izatea: 3 puntu.

6. Hezkuntzarekin lotutako ikasketak burutzen aritzea: 0,5 puntu.

7. Lan esperientzia: urte bakoitza puntu 1 (5 puntu gehienez).

  • Asialdiko begirale ludoteketan edo gaztelekuetan.
  • Kirol begirale eskola kirolean.

8. Udaleku itxietan eta irekietan lan esperientzia izatea: hamabostaldi bakoitza 0,5 puntu (gehienez 3 puntu).

9. Aiarra izatea: 5 puntu.

10. Aiako Udalak sustatutako kultur- edota kirol-aisialdi zerbitzuan begirale moduan lanean egon izana: 8 puntu.

Interesdunek curriculuma eta egiaztagiriak Aiako udaletxean aurkeztu beharko dituzte. Esteka honetan eskuratu daitezke eskaera orria eta deialdiaren oinarriak. Ez dute epez kanpoko izen ematerik onartuko.

Hala, behin-behineko zerrenda apirilaren 20an Aiako webgunean argitaratuko da. Ondoren, zazpi laneguneko epea egongo da erreklamazioetarako, eta behin erreklamazioak erantzunda, behin-betiko zerrenda argitaratuko da Aiako webgunean. Deialdiaren inguruko informazio gehiago eskuratu daiteke 943-13 11 44 telefono zenbakira deituta edo aia@aia.eus helbide elektronikora idatzita.

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!