"Gizarte bidezkoago" bat lortzea eta "jendearen bizi-baldintzak hobetzea" jomuga jarrita egin du EAJk kanpaina ekitaldia

Andrea Zipitria 2024ko api. 14a, 14:00

Aiako Batzokia inauguratu zuten atzo, eta apirilaren 21ean izango diren Eusko Legebiltzarreko hauteskundeei begira, mitina eman zuen Gipuzko Buru Batzarreko presidenteak, Joseba Egibarrek.

Aian batzoki berria inauguratu zuen EAJk atzo eguerdian, eta irekiera ekitaldia baliatu zuten apirilaren 21ean izango diren Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeei begira, kanpainako ekitaldia egiteko. Bertan izan ziren Aiako alkate Jon Ander Azpiroz, herriko hainbat zinegotzi, eta alderdikide. Hitza hartu zuena, ordea, Joseba Egibar Gipuzko Buru Batzarreko presidentea izan zen.

Egibarrek EAJren ibilbidea, programa eta hautagaiak aldarrikatu zituen hauteskundeetan EAJri botoa emateko berme gisa. EAJk 1977tik izan duen ibilbidea "lau printzipiotan" oinarritu da; "askatasuna, justizia soziala, berdintasuna eta elkartasuna", adierazi zuen Joseba Egibarrek. Lau hamarkada baino gehiagotan, EAJk "ikuspegi estrategikoarekin" gidatu izan du herri hau. "Argi genuen nora gindoazen, zein helburu genituen, zein baliabiderekin eta nola egin behar zen bidea", azpimarratu zuen, "beti giltzarria bera izanda: herriari pultsua hartuz eta bere borondatea errespetatuz". Izan ere, "ezin duzu herri baten etorkizuna baldintzatu bere borondatearen aurkako estrategiak aplikatuz, eta hori da hain zuzen ezker abertzaleak urte hauetan guztietan egin izan duena", gaineratu zuen.

Herri honetan gertatutakoak "hausnarketa" behar duela azaldu zuen. Eta, gogora ekarri zuen Euskararen Legea, ikastolak legeztatzeko legea, Diru-Sarrerak Bermatzeko Errenta edo EITB sotzeko legea onatzen zirenekoa. 

"Jendearen bizi-baldintzak hobetzea"

Proiektuei dagokionez, EAJren helburuak dira "gizarte bidezkoago" bat lortzea, eta "jendearen bizi-baldintzak hobetzera bideratutako ekimen errealista eta eraginkorrak" bultzatzea. Aldi berean, "lurralde-ereduaren eztabaidari" heltzea da jeltzaleen asmoa, estatuaren nazio-aniztasuna eta erabakitzeko eskubidea oinarri izanda. Horregatik guztiagatik, gipuzkoarrei eta oro har euskal herritarrei, "EAJrengan konfiantza izateko" eskatu die, "ez dizuegu huts egingo". 

Kokaleku berria du batzokiak. Gozategi enparantzako 11. zenbakia. Hain justu ere, lehen harategia zegoen lokalean.

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!