Eñaut Elorrieta: "Taldea olioztuta iritsi da biraren amaierara"

Andrea Zipitria 2024ko api. 18a, 10:00
Eñaut Elorrieta. (Utzitakoa)

Fantasia du izena Eñaut Elorrieta (Gernika, Bizkaia, 1975) Getariako bizilagunaren azken lanak. Bidaia guztiek amaiera dutela uste du hark, eta iritsi zaio Fantasia-ri ere bere momentua. Aian emango du azken kontzertuetako bat, larunbat honetan, 22:00etan probalekuan.

Iritsi da Fantasia biraren amaierara. Aian larunbatean eskainiko duzun kontzertua izango da azkenetakoa. Nola zaude?

Bai, hala da; bukaera emango diogu birari. Alde batetik, pena sortzen dit horrek, oso gustura gaudelako. Uste dut taldea oso momentu onean dagoela. Azken finean, kontzertu batzuk egin ditugu elkarrekin, oso gustura eta giro onean, eta bidea bukatzeak pena pixka bat ematen du. Bestalde, bira bukatzeko beharra ere sentitzen dut, hasi naizelako konposatzen, eta behar dut ziklo bat itxi eta sorkuntzan erabat kontzentratzea. Emozio biak ditut, pena eta bukaera bat izateko beharra ere bai. 

Nola joan da bira?

Oso bira berezia izan da. Kontzertuekin batera, dokumental labur bat proiektatu dugu hainbat lekutan, eta iruditzen zait oso kontzertu bereziak izan direla; gure sentipena da oso bira aberatsa izan dela. Gainera, Fantasia diskoa bera disko biluziagoa zen. Zentzu horretan, biran zehar, zuzenekoetarako, kantuak nolabait moldatzen joan gara, beste sonoritate bat hartu dute abestiek; beste norabide batean hazi dira, eta polita izan da hori ikustea ere. Uste dut oraintxe gaudela birako momentu onenean. Beraz, bai Aian, bai Donostian eta bai Basaurin [Bizkaia], entzuleak momentu onenean harrapatuko gaitu.   

Biraren zer balorazio egiten duzu?

Oso pozik nago. Apustu potentea zen Fantasia diskoa bera, eta hori taularatzea erronka bat izan dela uste dut. Gainera, gustura nago egindako ibilbideaz, eta atsegin dut nola iritsi garen bukaerara, gogotsu gaudelako eta taldea oso olioztatuta iritsi delako biraren amaierara; giro onean. Ospatzeko moduko bira egin dugu.

Larunbat honetan Aian ariko zara. Zer eskainiko duzu han?

Aian Fantasia diskoa izango dugu ardatz, baina gure ibilbideko beste hainbat kantu joko ditugu tartean. Orduan, bai izango da nire ibilbide guztiko argazki osatu bat, batez ere, Fantasia lanean ardaztua.  

Aia eta Donostia aipatu dituzu. Herri txiki bat eta hiriburu bat. Zer xarma du herri txiki batean jotzeak? 

Aia herri txikia da, baina kontzertu handiak ari dira antolatzen herrian eta kultur proposamen oso potentea ari dira egiten azkenengo urteetan. Kultur egitarauaren aurkezpeneko prentsaurrekoan izan nintzen probalekuan, eta oso leku txukuna iruditu zitzaidan. Gu daukagun guztiarekin joango gara bai Aiara eta baita beste lekuetara ere. Zentzu horretan, gaur [asteartea] egin dugu entsegua Aiako emanaldirako, eta mimo handiz prestatzen ari gara kontzertu hori. Izan ere, bada kontzertu garrantzitsu bat etapa honen amaieraren atarian. 

Artista askok esaten dute, oholtza txikia denean, gertuago sentitzen dituztela entzuleak. Zure kasuan, hala al da?

Beno, batzuetan horrela izaten da, baina ez beti. Leku bakoitzak badauka berezitasunen bat. Leku guztiek egiten dizute harrera modu batera edo bestera. Aiako probalekuan oso aspaldi jo nuen nik, eta ez dakit nola moldatuko garen. Behintzat bertan jo dutenek oso erreferentzia onak eman dizkigute. Beraz, galdera erantzungo dut hurrengo batean. Egia da, ordea, eszenatokia txikia denean gertuago izaten garela eta hor sortzen dela beste goxotasun bat. Baina tira, Viktoria Eugenia bera ere bada oso goxoa den areto bat, nahiz eta handiagoa izan.

Sorpresarik aurreikusten al duzu Aian?

Ez, taldekideok joango gara Aiara. Viktoria Eugenian eta Basauriko kontzertuan, berriz, gonbidatuak izango ditugu. Iban Urizar Amorante, Xabier Zeberio eta Aitor Etxeberria izango dira haietan. Diskoan parte hartu zuten artistak nahi genituen biraren bukaeran, ospakizun horretan, gure ondoan, eta hala izango da. 

Azken arnasen inguruan jardun zara. Fantasia diskoaz gain, azken grabaketa lana saharar herriari eskainitako Izar polisariar bat kantua izan da...

Bai, hala da. Olaia Inziartek eta biok landu genuen kantua da. Orain arte egin dudan azken grabazioa da, Saharari eskainia. Baina lehenago esan bezala, hasia naiz jada sortzen. Nire asmoa da hurrengo hilabete luzeetan lasai eta presarik gabe sorkuntza prozesu batean sartzea, eta ea horrek zer dakarren.  

Hainbat lanetan Sahara duzu presente. Zein da Sahararekin duzun lotura?

Bere garaian Aziza Brahim saharar artista handiarekin kantu bat grabatzeko aukera izan nuen, eta horren harira iritsi zitzaidan azken proposamen hau; Izar polisariar bat kantua grabatzearena. Bada saharar herria Euskal Herrian ere presentzia handia daukan herri bat, hemendik babes handia eman zaiona historikoki. Bertako hainbat eta hainbat gazte ere etorri izan dira udan hona, eta harreman estua dago bi herrien artean. Beti izan naiz sentibera eta beti begiratzen diet haiei, enpatiaz. Plazer  handia izan da bi kasuetan parte hartu ahal izatea.

Hemendik aurrera, zer? Aurreratu duzu konposatzen hasia zarela... 

Orain %100 gozatu nahi dut aurretik ditugun hitzorduez; niretzat ospakizun puntu bat ere badaukate, orain arte egindako bidea ospatu nahi dut, eta gero murgilduko naiz nire sorkuntza prozesuan. Oraindik ez daukat ez eperik, ez datarik. Hasiko naiz konposatzen, eta gero egituratuko dut prozesu guztia. Gustatzen zait hasiera batean behintzat libre eta lasai abiaraztea sorkuntzaren prozesua.  

Orduan, Eñaut Elorrieta berriz taula gainean ikusteko pixka bat itxaron beharko da?  

Bira amaituko da, baina uda aldera, hortik kanpo bada ere, aterako da kontzerturen bat. Segur aski izango dira aukera bakan batzuk.  

Beste zerbait aipatu nahiko al zenuke?

Aukera aprobetxatu nahiko nuke bira hasi genuenetik gaurko egunera arte kontzertuetara etorri den jende guztiari, diskoaz gozatu duen orori eta bere iritzi eta emozioak helarazi dizkiguten horiei guztiei eskerrak emateko. Oso ederra izan da bidaia. Bidaia guztiek dute bukaera, baina oso eskertuta nago jasotako babes guztiagatik.  

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!