Inoizko partaide gehien izango du Pagoeta mendi lasterketak

Aritz Mutiozabal - Mireia Galarza Bastida 2024ko api. 25a, 16:00

Ibilbide luzean 287 lagun daude momentuz izena emanda, eta mistoan parte hartze muga beteta dago, 125 bikoterekin. Igande goizean jokatuko dituzte bi probak.

Salbatore Mitxelena ikastolak gogoz heldu dio beste urte batez Pagoeta mendi lasterketa antolatzeko ardurari. Igande honetan jokatuko dute hemeretzigarren aldiz, eta zortzigarrenez ikastolaren gidaritzapean. Azken urteetan bezala, bi proba izango dira aukeran, eta izen emateei dagokienez, "oso harrera ona" izan dutela nabarmendu du Mari Beizama antolatzaileetako batek. Lasterketa mistoan 125 bikoteko muga jada bete dute, eta lasterketa nagusian, momentuz, 287 korrikalarik eman dute izena. Alde horretatik, gustura agertu dira antolatzaileak, inoizko parte hartze handiena izango delako aurten.

21 kilometroko ibilbide zirkularra izango du proba nagusiak, eta bi zatitan dago banatuta: bata, gorakoa, Pagoetako gurutzera eta Murukil tontorrera artekoa, eta bestea, beherako zatia, Pagoetako natur parketik igarotzen dena. Ibilbide mistoak, bien bitartean, zortzi kilometro izango ditu, eta mendi lasterketetan  hasteko "oso aproposa" dela zehaztu dute. Izan ere, desnibel gutxikoa da, zailtasun teknikorik gabekoa, eta ariketa fisikoa erregularki egiten duen edonork osatzeko modua.

"Biek ematen dute aukera ona Zarautz eta Aia inguruko bideak eta bazterrak ezagutzeko, baita mendiaz gozatzeko ere", nabarmendu du Maialen Sorreluzek. Era berean, lasterketa Pagoeta kontserbazio bereziko eremutik igarotzen dela gogora ekarri dute antolatzaileek, eta errespetuz jokatzeko eskatu diete partaideei eta ikustera bertaratuko direnei.

Pagoeta mendi lasterketa 09:30an hasiko da proba nagusiarekin, eta ordu laurden geroago, 09:45ean, proba mistoaren txanda izango da; biak ala biak Klabelinsoro kaletik abiatuko dira, Kikara tabernaren ondotik.

Marka hobetzeko

Ohi bezala, kategoria bakoitzeko lehenengo hirurentzat saria izango da, baita maila bakoitzeko lehen hiru zarauztarrentzat ere. Borja Murillok adierazi duenez, "aurten ere lasterketa nagusiko marka gainditzen duenak 200 euroko gain-saria bereganatuko du". Hautsi beharreko errekorrak ondorengoak dira: gizonezkoetan, Ismail Razga sestaoarrak (Bizkaia) jarritako 1:32:37ko denbora, eta emakumezkoetan, Ainhoa Jauregi urnietarrak (Gipuzkoa) erregistratutako 1:59:05koa. Aipatu bi korrikalariek 2019ko edizioan lortu zuten balentria.

Kirol ekitaldiak izaera herrikoia duenez gero, parte hartzaile guztiek elastikoa eta jakiz osatutako poltsa bana jasoko dute. Gainera, hainbat opari zozkatuko dituzte igandean bertan, eta usadioari jarraituz, proba amaieran lagunarteko hamaiketakoa izango da lasterkarientzat eta animatzera bertaratzen diren herritar guztientzat.

Antolatzaileek jakinarazi dute oraindik ere proba nagusian izena emateko aukera dagoela, eta nahi duenak rockthesport.com webgunearen bidez egin dezakeela, 21 euro ordainduta. Dortsalik geratuko balitz, igandean bertan ere izena emateko azken aukera egongo litzake, irteera-helmuga eremuan, 08:00etatik aurrera. Dortsalak eremu berean banatuko dituzte larunbatean, 17:00etatik 19:00era, eta igandean, 08:00etan hasita.

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!