Urteurren borobilean ere jendearen erantzun bikaina izan du Landare Berezien Azokak

Mireia Galarza Bastida 2024ko api. 27a, 15:00

Goizean goiztik, batzuk autoz eta besteak autobusez gerturatu dira Iturraran parkera, eta ilara luzeak ere egin behar izan dituzte herritar batzuk azokara sartzeko.

Goizean goiz euria goian eta behean ari bazuen ere, hori ez da oztopo izan landarezaleenztat Aiako Landare Berezien Azokaren XX. ediziora gerturatzeko. Goizean goiztik, batzuk autoz eta besteak autobusez, gerturatu dira Iturraran parkera, eta ilara luzeak ere egin behar izan dituzte batzuk azokara sartzeko. 

Aurtengoa ez da nolanahiko azoka; izan ere, urteurren borobila betetzen du Aiako landareen hitzordu bereziak, hogeigarrena, zehazki. 2003an egin zuten lehendabizikoz, eta urtero egin dute pandemia garaiko bi urte kenduta. 2003an 37 mintegik parte hartu zuten, eta aurten 50 izango dira, horietatik hiru berriak.

Autobus zerbitzua

Goizean goiztik martxan da autobus zerbitzua, eta hala jarraituko du gaur arratsaldean eta bihar egun osoan ere. Azoka 10:00etatik 18:00etara egongo da irekita, eta bi aparkaleku egokitu dituzte: Aian eta Orion –Txurrukan–. Handik doako autobusak ibiliko dira joan-etorrian.

Trenez gerturatuz gero, Zarauzko San Pelaioko geralekuan hartu ahal izango da autobusa: joateko lehena 09:23an izango da, 14:23 bitartean ordu erdiro izango dira, eta handik aurrera, orduero, azkena 16:23an; bueltarako lehen autobusa 10:45ean izango da, 13:45 bitartean ordu erdiero izango dira, eta gero, orduero, azkena 17:45ean.

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!