Iritzia

Kalera ateratzeko eta aktibatzeko garaia

Kike Amonarriz.

Kike Amonarriz Euskaltzaleen Topaguneko lehendakariaren iritzi artikulua da honako hau.

2022a, hitza eta ekimena indartzeko urtea izan behar zuela aldarrikatu genuen Alizia
Iribarrenek eta biok AEKren eta Euskaltzaleen Topagunearen izenean joan den urtearen
amaieran hainbat hedabidetan argitaratutako artikulu batean. "Korrikarekin nahiz
Euskaraldiarekin, berriz kalera ateratzeko garaia" zetorrela nabarmendu nahi izan genuen,
pandemiak kalte nabarmenak eragin baititu euskararen biziberritze prozesuan.

Euskararen normalizazioa ezer baldin bada, prozesu soziala da, eta koronabirusak, hain
zuzen ere, etxeratu eta bakartu egin gaitu, gure harremanak murriztu egin ditu, ingurune
erdaldunetako haurrak eta gazteak euskararengandik urrundu, talde antolatuak ahuldu,
eta hamaika egitasmo bertan behera uztera behartu. Gure hizkuntza komunitateak
sendotzeko ezinbesteko dituen harremanek, antolaketak eta ekintza kolektiboek sakonki
nozitu dute egoera. Guztiz beharrezkoa da, beraz, herritarrak eta gizarte-eragileak
berraktibatzea, kalea berriro hartzea, euskararen aldeko dinamikak eta antolakundeak
piztea, eta euskara agenda sozial, politiko eta komunikatiboaren erdigunera eramatea.

COVID19a, ordea, ez da euskara eta euskaldunak eraso gaituen birus bakarra. Beste
batzuk aipatzearren: epaitegietatik EAEko normalizazio-prozesua trabatu nahi duten
epaiak iritsi dira, hainbatetan guztiz arrazoinamendu txepeletan oinarrituta (euskararen
zailtasunarena, kasu), murgiltze-eredua Damoklesen ezpatapean dago Iparraldean,
Nafarroan euskararen garapena eta euskaldunon hizkuntza-eskubideak murriztuko
dituzten arauak ari dira onartzen, eta gero eta ozenago entzuten dira ultraeskuinen eta
haien diskurtso homogeneizatzaile eta supremazisten ahotsak espainiar eta frantziar
estatuetan.

Egoera honen erdian, azken Korrika kemen eta energia ufada animalekoa suertatu da.
Euskal Herriko bazter guztietatik eta bazter guztietara HitzEkin hedatu den tsunami
euskaltzaleak ilusioa barreiatu du ibilbide guztian zehar, irudi ahaztezinak eskainiz.
Euskarak berriro kaleak indartsu hartu ditu. Azken Korrika, euskal herritarrok euskara
biziberritzeko dugun desio ukaezinaren irudikapen argia izan da, eta euskaldunok
euskaraz eroso bizitzeko dugun nahiaren adierazpen zuzena. Orain, hitzez ekiteko garaiak
datozkigu. Eta baita aldarrikatzekoak ere.

Maiatza, eta datozen hilabeteak, euskaltzaleak aktibatzeko deialdiz eta aukerez mukuru
datozkigu. Baitezpadakoa izango da euskaldunok modu masibo eta egokian erantzutea
eta parte hartzea horietan.

Hasteko, larunbatean, maiatzaren 7an, Euskalgintzaren Kontseiluak eta berau osatzen
dugun erakundeok deitutako manifestazioa izango da Iruñean Herritarrak ez gutxietsi
lelopean. Hiriburuaren karrikak euskaltzalez bete behar ditugu, bizikidetzak, hizkuntza
bizikidetza ere izan behar duela adierazteko, nafar guztien hizkuntza eskubideak
aldarrikatzeko, eta administrazioan eta hezkuntzan hartu nahi diren neurri atzerakoiak
salatzeko. Asko dugu jokoan.

Maiatzaren 8an, Senpereko aintziraren inguruetan elkartzeko aukera izango dugu berriz
ere, Herri Urrats kari, Seaskari eta murgiltze-ereduari babesa erakutsiz. Eta maiatzaren
21ean Gazte Euskaltzaleen Sareak bultzaturiko Euskara aurrera manifestazioan
elkartuko gara Donostian, gazteek erakutsi duten aktibazio-nahia sustatuz.
Bien bitartean, auzoz auzo eta herriz herri, aurreko edizioak baino masiboagoa izan dadin
ahaleginduko garen Euskaraldia prestatzeko lehen urratsak ematen hasiak gara,

Batzordeak antolatzen eta aurkezpenak egiten. Herritarrok eta era guztietako entitateek
eta erakundeek euskararen aldeko urrats praktikoak eman ditzagun oinarriak jartzea
dagokigu hilabeteotan Euskal Herri osoan zehar.

Aktibazio soziala eragin eta mantentzeko, baina, ezinbestekoa da euskaltzaleen gune
autoeratuak antolatzea. Horretan ari da Euskaltzaleen Topagunea duela 25 urte sortu
zenetik. Uda ondoren antolatuko dugu karia horretara ekitaldiren bat, baina, ospatzeko
modu ezin hobea izango dugu ostiraleko Batzar Nagusian Hendaian, zazpi elkartek eskatu
dutelako bazkide izatea: Biarritzeko Mintza Lasai, Baionako Biltxoko, Izturitzeko Artetxea,
Larresoroko Ote Lore, Amikuzeko Zabalik, Iruñeko Laba eta Zumaiako Larraina.
Topagunea benetako nazio-erakunde bihurtuko duen urrats historikoa izango da
ostiralekoa. Lerro hauetatik, dei bat luzatu nahi nuke euskara talde edo elkarterik ez
dagoen auzo eta herrietan, euskaltzaleak elkartu eta sor ditzaten. Topagunean laguntzeko
eta bultzatzeko prest gaituzue.

Hasieran aipatu dudan artikulutik ateratako hitz batzuekin amaituko dut: "Euskararen
biziberritze-bide honetan, guztion ekarpena behar-beharrezkoa izango da: herritarrona,
gizarte-mugimenduena, erakundeena eta era guztietako entitateena. Soilik elkarlanean eta
denon bultzadaz lortuko dugu euskarak aurrera egitea, guztiok baitugu egin, eragin eta
eginarazteko aukera"

Aktibatzeko garaia da. Kalean ikusiko dugu elkar.

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!