Eskualdeko merkataritza eta zerbitzuen sektoreei bideratutako prestakuntza eskainiko dute

Maria Maya Manterola 2022ko ira. 24a, 18:00
Udal Elkarteko ikastaro baten artxiboko irudia.

Urriaren 3tik 26ra bitartean, astero bi orduko bina saio izango dira UKUE Urola Kostako Udal Elkartean. Ostegunera arte izango da izen ematea zabalik.

Tokiko merkataritzaren eta zerbitzuen sektoreari bultzada eman asmoz, horiei bideratutako prestakuntza saioak eskainiko ditu urriaren 3tik 26ra bitarte UKUEk. Izan ere, uste dute pandemiak gogor zigortu dituela bi sektoreak, eta gainera, lehiakortasunaren goranzko joera ere aipatu dute. 

Hori dela eta, esklusiboki eskualdeko merkataritza eta zerbitzu sektorearentzat trebakuntza ikastaroa diseinatu dute Gipuzkoako Merkatari Federazioarekin elkarlanean, sektore horietako enpresen lehiakortasuna hobetzen laguntzeko. Aurrez, ekainean ingurune digitala lantzeko eta sare sozialetako estrategiak garatzeko izandako ikastaroari jarraipena eman nahi diote hala. 

Zenbait gaitasun garatu ahal izango dituzte ikastaroko partaideek. Besteak beste, komunikatzeko gaitasunak garatzeko eta bezeroekiko harremanetan trebatzeko teknika eta praktika berritzaileak barneratzeko balioko die, bezeroekiko enpatiaz eta errespetuz gatazkak konpontzeko eta negoziazioak bideratzeko gakoak eskainiz. 

Zortzi saio

Bi orduko zortzi saio izango dira guztira, urriaren 3, 5, 10, 14, 17, 19, 24 eta 26an, 14:00-16:00 artean, Udal Elkartearen egoitzan. Sara Gonzalez adituak gidatuko ditu guztiak ere. 
 
Hilaren 29ra arte eman daiteke izena, enpresa@urolakosta.eus helbidera IFZ, enpresaren izena, harremanetarako pertsona, emaila eta telefonoa bidalita. 

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!