Noemi Ostolaza herritarren galderak erantzuten hasi da

Erredakzioa 2023ko mai. 24a, 16:05
Noemi Ostolaza herritarren galderak erantzuten hasi da

Datorren maiatzaren 28ko udal hauteskundeetan, Orioko EAJren alkategaia izango da Noemi Ostolaza.

1. Zein dira, zuk eta zure taldeak izan ditzakeen ahulgunerik handienetako bat? Eta indarguneak?
Mikel

Ahulguneak identifikatuta baditugu ere hauek gero eta ahuldade txikiena izateko lan egiten dugu egunero. Lana da gure indargunerik handiena eta horrekin ahulgune guztiak gainditu daitezke. Hori izango da gure eguneroko leloa, egunero gure onena ematea.

2. Zerrendatu al ditzakezu, udal batzordeetan EAJk azken legealdian egin dituen proposamenak?
Eneko

Aurrekontuetako udal taldeak egin dituen alegazioetan ikus daitezke hauek guztiak, baina azkar batean zerrenda txiki bat egingo nuke:
- Goiko kaleko irisgarritasuna hobetzeko plan bat eskatu dugu urtero. Badirudi aurten egingo dela.
- urtero ere, haur parke estali bat egiteko eskatzen dugu.
- Gizarte zerbitzuetako gida gure zinegotziek eskatuta egin da
- Herri baratzak ere gure ekimenez jarri ziren abian
- Ibaiaren plan estrategikoa ere gure eskaera izan da.

Gehiago ere badaude, baina iruditzen zait, hauek esanguratsuak izan daitezkela

3. 2003az geroztik, politikari eskeini diozu zure burua. Politikari profesionala zarela esan genezake. Udal gobernuko kide ere, izan zara 2011 arte. Zer da, udal honi eskaini diezaiokezun "zera" berri hori?
Unai

Ba juxtu urte guzti hauetan ikasi ahal izan dudan guztia.
Aldundian eta Jaurlaritzan egin dudan lana eta ibilbidea niretzat ikasketa ikaragarria izan da. Hau guztia, orain, herriaren mesedetara jarri nahi dut. 2012tik ona izugarri hazi naizela iruditzen zait eta badudala zer eskaini herriari. Nire hautagaitzarekin pauso bat aurrera ematen dut ahal dudan guztia emateko.

4. Noizko izango da herrian aspalditik aprobatuta dagoen bariantea? Aita Lertxundin bizi dugun kutsadura akustikioa izuguarria da, etxea erosi nuenean bariantea aprobaruta zegoela esan zigutenez, etxea erostera animatu ginen. Dagoeneko pasa dira 21 urte… Lotsagarria benetan. .
Amaia

Izugarri sentitzen dut zure egoera. DAkizunez, sahiesbidea egitea ez da Udalaren eskumena. Bai ordea herritarren interesak eskumenak dituen erakundeei helaraztea.
Udala kudeatzea, udalaren baliabideak kudeatzea baino gehiago da, herriaren beharrak asetzeko dagokienakin hitz egin, eta negoziatzea ere bada.

5. Euskal Herriko hainbat udalerrik martxan ezarri zituzten oroimen historikoaren webguneetan "ETAren biktimen eta kideen arteko parekatzea" kentzeko eskatu zion Espainiako Gobernuak apiril hasieran, tartean Oriokoari. Hain zuzen, eskaera horrekin, modu batera edo bestera, bat egin zuen EAJk ere. Are, alderdi jeltzaleak Aranzadi kritikatu zuen Legebiltzarrean, webguneetan «giza eskubideen urraketa larrien biktimak» eta bestelako motibazio politikoko indarkeria jasandakoak batera aurkezteagatik. LEHEN GALDERA: Aranzadik oroimen historikoan burututako ikerlana Gogora Memoriaren, Bizikidetzaren eta Giza Eskubideen Institutuak biktimen udal txostenak egiteko irizpideei eta nazioarteko estandarraren eskemari jarraitu badie, EAJ zergatik azaldu da oroimenaren webguneak ixtearen alde? BIGARREN GALDERA: Euskal gizarteak bizikidetza eta errelatoa eraikitzea helburu duen honetan, EAJk benetan kontuan hartuko ditu Estatuaren biktimak ere?
Orioko herritar gazte bat

Lehen galderari erantzuna: Aranzadik ez ditu guztiz bete Gogorak markatutako irizpideak, biktima eta biktimarioak, bata bestearen atzetik, azalpenik gabe, zerrendatzerakoan. Eta azalpen erraza du: Memoria ekimen batek, erreparaziora bideratuta badago behintzat, mina sortzen badu, ez da lanketa egokia egin. Horregatik, Udaleko bizikidetza batzordean, web orrian parte hartu duten pertsona eta eragileekin azalpen lanketa bat egingo zela erabaki zen, eta bitartean web orria ez publikatzea behin behinean.
Elkarte ezberdinekin elkarrekin lanean jarraitzea erabaki da, Aranzadik udalei erantzun egoki bat emateko asmoz. Helburua da ahalik eta lasterren, berme guztiekin, web orria aktibatzea.

Bigarren galderari erantzuna: 2011ko Dekretua garatzeko EAJk 2016an motibazio politikoko indarkeria egoeren Giza Eskubideen urraketak jasan dituzten biktimei errekonozimendua eta erreparazioa emateko legea eraman zuen legebiltzarrera eta adostasun zabal batekin onartua izan zen. Orduz gero, badira hainbat eta hainbat biktima lege honen baitan sortutako batzordearen aurrean beraien testigantza eman dutenak eta biktima izaera errekonozitu zaiena. Hori da EAJk duen konpromisoa.

6. Autopistako zubiaren alde batean zein bestean bizi diren herritarrok kutsadura akustiko handia pairatzen dugu. Noizko izango ditugu Orion ere gainerako herrietan bezala jarrita dauden soinuaren aurkako panelak?
Orioko herritar gazte bat

Jabetuta gaude Autopistak urteetan oriotarrei sortu dien kutsaduraz. Aldundiari dagokio inbertsio hau Orion egitea. Udal baliabideak kudeatzeaz gain, beste erakundeei, eskumenak dituztenei, oriotarrentzat beharrezkoak diren inbertsioak egiteko gogoratzea ere bada gure lana. Horretan jardungo gara, guretzat ere lehentasunetako bat delako. Herritarrekin auzoz auzo izan ditugun elkarrizketetan hauxe bera ere helarazi digute eta horrela jaso dugu gure programaren web gunean.

7. Zure elkarrizketan diozu, Orio arnasgune izaten jarraitzeko mekanismoak martxan jartzea dela zure asmoa. Legealdi honetan besteak beste, orain arte udalak euskara hutsean egin izan dituen eta komunikatu izan dituen proposamenak, (pantailak, informazio, komunikatu eta bestelakoak...) elebitan jartzeko apustuaren alde egon zarete. Arnasgune izan nahi baduzue, horrelako proposamenak aurrera eraman edo zer beste proposamen egingo dituzue?
Miren

Udal informazioa elebitan plazaratzearen aldeko hautua egiteak oriotar guztiak informazioa jasotzeko duten eskubidearen alde egiten du. Hau ez doa arnasgunearen kontra. Batzordean gure alderdiak proposatu zuena lau albistetik bat erderaz izatekoa izan zen. Euskarari lehentasun nabarmena emanez, baina herritar guztiek duen informaziorako eskubidea ere bermatuz.
Arnas gune izaten jarraitzeko, noski lan egin behar dugula, euskarara oriotar gehiago batzeko.

8. Kaixo. Orioko udalean hainbat batzordeburutza eta ardura izan dituzun politikaria zara. Harreman zuzenak izan dituzu teknikari desberdinekin. Zein da zure iritzia, aurreko legealdian, teknikari desberdinen espedienteekin gertatu denaren aferan?
Ane

Ezin dut erantzunik eman, ez baitnengoen udalean afera gertatu zenean.

9. Ikus-entzunezko elkarrizketan diozu, ez zarela liskarren zale. Eraikuntzan oinarritzen dela zure politika egiteko modua. 2011ko legealdian, oposizioan ordea, liskarrean oinarritzen zen, oposizioa egin zenuten. Zertan aldatuko da EAJk beste alderdi eta eragileekin hitz egiterako orduan, oraingoan izango duen harremanetarako eta akordioetarako egiteko modua?
Josu

Gogoratu nahiko nizuke, 2011an oposizioan egon ginela hauteskundeak irabazi ostean. Herriak gure proiektua aurrera eramatea nahi zuen eta ez ziguten aukerarik eman. Ez da egoera berdina.
Legealdi honetan, herriak EHBilduren proiektua lehenestu du, guk hori errespetatuz, herritarrek guri eskatu dizkiguten ekimenak eraman ditugu udalera, modu kolaboratiboan aurrera eraman ahal izateko.
Gure lehentasuna beti izango dira oriotarrak eta beraien beharrak udalera eramatea, gobernuan edo oposizioan egon, guk berdin egingo dugu lan.

10. Lau urtetan aurrekontauak babestu dituzue. Zuen proposamen guztiak aintzakotzat hartu dira aurrekontu horietan elkarrizketan jakitera eman duzunagatik. 1etik 10era zerrendatzerik izango al zenuke egindako proposamen guztiak?
Xabi

Saiatuko naiz zerrenda osatuena egiten:
1.- Herri baratzeak
2.- Hondartzarainoko bidegorria
3.- Kosta Taierreko igogailua
4.- Anibarko Portuan edukiontzien kokapen berria
5.- Mutiozabaleko proiektua
6.- Plazako peatonalizazioa eta errepidea bi norantzetan
7.- Parke Estalia (egin gabea)
8.- Udal Musika banda (egin gabea)
9.- Goiko Kaleko irisgarritasuna (oraintxu landua batzordean)
10.- Ortzaikarako aisialdi gunea (egin gabea)
11.- Itsasadarraren inguruko plan estrategikoa
12.- Kirol instalazioen azterketa
13.- Gizarte Zerbitzuetako liburuxka
14.- Zaintzaileetako taierrak

11. Orion gero eta txakur gehiago daude, eta, jabeek arriskutsutzat jotzen diren txakur batzuk lotu gabe eramaten dituzte herritar ugari dabilen lekuetan: hondartza inguruan, Itxaspeko bueltan... Ondorioz, egoera deserosoak sortzen dira, eta behin baino gehiagotan jabeei esan izan diegu txakurrak lotzeko, baina ez dute jaramonik egiten. Beraz, udalak neurri batzuk hartu behar ditu ezinbestean. Noiz arte itxaro behar dugu? Zerbait larria gertatu arte?
Orioko herritar bat

Arrazoi guztia duzu. Udalak badu ordenantza bat eta iruditzen zaigu hau bete beharra dagoela, eta bete arazi egin behar dira.
Gure programaren web gunean, herritarrek horrela eskatuta, txakurrak libre ibiltzeko gune handiago bat aurreikusten dugu. Bertan txakurrak libre ibili ahal izateko.

12. Hezkuntza herri baten oinarrizko zutabea izanik, zein da EAJren proposamena Orioko hezkuntzari dagokionez? Mila esker
Ruben

Orioko EAJk hezkuntzaren inguruan ondorengo planteamendua egin du beti. Udalak dituen eskumenak betetzeaz gain, eskolan dabiltzan ume bakoitzarengan inbertitzea erabaki du. Orioko umeek giza garapen egokia izateko eta hauen aukera berdintasuna sustatzeko. Etorkizuneko oriotarrak izango dira eta beraiengan inbertitu nahi da, herritar oso eta gaitasunez betetakoak izateko. Trebatuak ikasgaietan, baina ahaldunduak ere emozionalki, kulturalki eta, nola ez, euskaraz.
Legealdi honetan hezkuntza mahaia jarri da martxan. Iruditzen zaigu elementu eta tresna egokia izan daitekeela, herriko eragile guztiak, elkarlanean, aipatzen duzun oinarri hori sendoa izateko. Mahai horretan egin daiteken lana gure ondorengo belaunaldietarako oso garrantzitsua izan daitekeelakoan gaude.

13. Kaixo , 2015 ko hauteskundeetan Zalduaren programan hau esaten zen : "sahiesbidearen obra bultzatu egingo dugu". Errealitatea: ezer ez da egin 2019-05-16:Salsamendik , Karkaran hau esaten du: "Gainera, Orioko saihesbidea errealitate izan dadin lanketa ere egingo dugu." Errealitatea: ezer ez da egin Mesedez , egia baldin bada egin zerbait behingoz , Aita Lertxundin dagoen zarata izugarria da , ta badakizue , aspalditik egon behar zuela bukatuta saihesbidea , eta ez da ezer egin behingoz bukatzeko ,zergatik ez da bukatzen? bakarrik zubia falta da. Ea egia den eta datorren legealdian bukatzen dan saihesbidea , herritarrak asko eskertuko dugu. Baino egia bihurtzen ez diren promesak eta hitz politak entzuten oso nekatuta gaude , eskerrik asko.
Aita Lertxundiko bat

Aurreko batean ere erantzun dut.
Dagokionari, tokatzen zaizkion inbertsioak egiteko lan egingo dugu.

14. Noemi, oposizioan lan egitea egokitzen bazaizue, zein izango da zuen jarrera? Beñat alkate zegoenean eduki zenutena ala azken lau urteotakoa?
Jon

Lehen ere aipatu dut.
Guk, batean edo bestean, beti herriaren eta herritarren alde egingo dugu.
Baina, batean edo bestean, gobernu on baten elementuak aplikatzea eskatuko dugu: Gardentasuna, kontu ematea eta ekitatea.

15. Emaitza oso txarrak lortzen badituzu(e), dimititu egingo duzu?
Jon

Nik herriarekin hartu dut konpromisoa, nagoen lekuan egonda, herriaren alde lan egingo dudala hitz eman dut eta beteko dut.

16. Zergatik uste duzu gazteek ez dugula PNVn geure burua ordezkatuta ikusten? Autokritikaren bat edo aldaketaren bat egiten duzu?
Jon

Aste hauetan kalez kale eta sareetan gazte ugari inguratu zaizkigu beraien ekarpena egiteko. Gainera, inguruko herrietan ere ikusten ari gara alderdiaren inguruan gazte ugari batzen direla.
Gazteak eta hauek dituzten arazo eta kezkak oso presente ditugu eta hauek pertsona bezala garatzeko eta bere bizitza proiektua aurrera egiteko lan egingo dugu.
EAJk beti egin du gazteen alde, gogoratu besterik ez, Orioko Gaztetxearen eraikina EAJ gobernuan zegoela erosi eta egokitu zela eta Anibarko Portuan egiten ari diren gazteei bideratutako apartamentuak, EAJ gobernuan zegoela martxan jarri zirela, Jaurlaritzarekin konbenio bat sinatuz, Muntoko alokairu sozialeko etxebizitzekin egin zen moduan.

17. Kaixo, Parke estaliarena aipatu duzu urtero egindako proposamen moduan.Non egitea zehazki proposatu duzue? Zein parke da estaltzeko proposatu duzuena? Plan Orokorraren aurkezpenean egon nitzen eta gaizki ulertu ez banuen bertan, gaur egun dauden parkeetako bat estaltze ez dela soluzio bat aipatu zen eta erantzuna ere eman zaizue. Hau horrela izanda, aurrerago dikeko eremuan egingo den parkea estalia izateko aukera aipatu zuten. Zein izan da zehazki zuen proposamena parke estaliaren kasuan?zein da aurkeztu duzuen proiektua aurreko legengintzaldian?parke estalalia egiteko esatea oso orokorra da
idoia

Aurreko legealdian udaleko teknikariek azterketa bat egin zuten eta ondorioztatu zuten Arrantzale kaleko parkea zela egokiena estaltzeko. Aurreko legealdian proposamena mahai gainean jarri zen baina ekimen elektoralista zela eta oposizioak ez zion bide eman. Ezin izan zen burutu, gehiengorik ez genuelako. Legealdi honetan izan da denbora estaltzeko, baina ez da egin.

18. Inoiz ez diozue Bilduri udal gobernuaren parte izateko aukerarik eman, beraiek bai ordea zuei (naiz eta zuek parte hartzea ukatu). Zein izango da irabazten baduzue oraingoan zuen jarrera?
eneko

Ez zabiltza zuzen. Gogoratzen dut Leire Zinkunegi Turismo zinegotzi moduan, baita Karmele Velasco aktibitate ekonomikokoa, 2007-2011 legealdian. Eta 1999-2003ko legealdian, Eneko Dorronsoro, ongizateko zinegotzi eta Itziar Olariaga Kirolak eta Gazteriak.

19. Politikari izatea ogibidea dela uste duzu? Nola egin daiteke politika enpresa pribatuan iñoz lan egin gabe?
Nekane

Konfundituta zaude. Nik 16 urtetatik lanean nabil. Udaletxean ez naiz inoiz liberatuta egon.

Agurra

Plazer bat izan da momentu hau herritarrekin elkarbanatzea. Karkarak aukerak hau eman izana eskertu nahiko nuke.
Beti da aberasgarria herritarrekin elkarrizketa momentuak partekatzea.
Amaitu nahiko nuke igandean herritarrak bozkatzera joateko animatuz.
Igandean erabaki garrantzitsua hartzen da, denoi eragiten diguna. Gure herria, gure baliabideak, gure etorkizuneko Orio nola kudeatzen den erabakitzen da. Nork eta nola kudeatzea nahi dugun erabakitzen da.
Oso erabaki garrantzitsua da.
Beraz, dituzun aukerak aztertu eta konfiantza gehien ematen dizun aukerarengatik bozkatu.
Nik eta nire taldeak Konpromisoa, Koherentzia eta Lana dugu herriari eskaintzako. Horrek konfiantza eskaintzen badizu, bozkatu iezaguzu. Bozkatu EAJ.
Eskerrik asko azaldu duzuen errespetuagatik eta kalean, edo udalean, elkar ikusiko dugulakoan, jaso guztiek besarkada bat


KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!