Atzo entzun genituen aurtengo lehen Kra-a-r doinuak

Erabiltzailearen aurpegia Herrio Natur Taldea 2016ko mar. 31a, 13:09
Zaragueta eskola aldameneko putzuan atzoko egunez entzun genituen hegoaldeko zuhaitz igelaren lehen kantuak.

Martxo inguruan hasi eta eta uda bukaerararte entzuten ohi dira Hyla meridionalisaren kra-a-r doinuak. Udaberritik aurrera arrek ozen egiten dute korroka, emeak txunditzeko. Horretarako, leku estrategikoak hautatzen dituzte eta, ahoko zakuak puztuz,korrokaka hasten dira. Dei-korrokek ilunabarrean hasi eta goizaldeko ordutxikietara arte iraun dezakete. Koru bikainak osatzen dituzte!

Igel honek arazo dezente izan ditu, hala ere, oraindik gure artean dira. Lehen baino gutxiago dira, baina, babestuta daudenez –Eusko Jaurlaritzak galtzeko arriskupeko espezie izendatu zuen 1996an–, desagertu ez daitezen neurriak hartu dira azken urteotan: Donostiako Haritzalde naturzale-elkarteak emandako bultzadaz, Gipuzkoako Foru Aldundiak Hyla meridionalis kudeatzeko Plana eta babesteko arau osagarriak onartu zituen 1999. urtean.

Mendizorrotzeko populazioa delako Hego Euskal Herri osoan dugun bakarra. Babes-neurri gisa, igelak ugaltzeko putzu sare bat osatzen hasi ziren, eta hori dela-eta eraiki zuten Zaragueta eskolaren ondoko urmaela 2003. urtean.

Putzu horrez gain, Itsaspeko bidean dagoen Aranoko errekakoa ere baliatzen dute igelek beren ugalketarako. Azkenik, 2004.urtean Arkumetegiko putzua ere eraiki zen Orion,eta bertara Lezkadiko errekastotik sartzen da ura.

Atzo gauez entzun genituen lehen doinuak Zaraguetako eskola pareko putzuan. Orain hasi eta abuztu ingururarte izango duzue beraien kantuaz gozatzeko aukera.

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!