Iritzia: Gamarran

Erabiltzailearen aurpegia Iñigo Gaiton 2021ko urr. 11a, 13:59

Iñigo Gaitonek KARKARAren 431. zenbakian plazaratutako artikulua, 'Iritzia' atalean.

Araba aldera jo genuen familia giroan uztailean, hiriburuan egun batzuk egin eta alaba txikiarekin inguruko igerilekuetan ibiltzeko asmoarekin. Erdi-ipurdiko eguraldiarekin, Gamarran izan ginen bigarren egunean, baina horixe, izan bakarrik; ez genuen igerilekuetara sartzeko aukerarik eduki. Lehorrean geratu ginen.

Harrerako langileak azaldu zidanez, izurriaren kontrako edukiera mugak tarteko, modu bakarra egon da aurten Gasteizko Udalak kudeatzen dituen igerilekuetan freskatzeko: denboraldi osoko txartela aterata. Egun-pasa joandakoentzat, beraz, ezer ez. Harritu egin ninduen neurriak, eta egia aitortzera, mindu ere bai.

Izan nitzakeen aukera apurrak zukutu nahian, gezur txiki batekin saiatu nintzen aurrena: leihatilako langileari azaldu nion Gipuzkoatik espresuki joan ginela haraino, egun-pasa egiteko ideiarekin. Ez zen egia osoa, baina azken batean, balio zezakeen. Ezta zirkinik ere.

Mutilaren hoztasunarekin —eta eguerdiko bero saparekin—, berotzen hasi nintzen. Epelak ziren haren azalpenak, gero eta sutsuagoak nireak. Izerdi patsetan, nire pentsamenduak burbuila batean sartu ziren kolpetik; bueltaka hasi ziren gero, eta begirada ere lanbrotu egin zitzaidan. Buruan nuen nahasmenak, biok soinean genituen maskarek eta tartean genuen kristalak komunikazioa zaildu arren, poliki-poliki, langileari domingero baten traza hartzen hasi nintzen: haren aurpegiera, indiferentzia hura, gauzak adierazteko modua, ahotsaren tonua...

Ez zen inongo zalantzarik, domingero bat nuen aurrean: bere lanegunean, baina domingero bat. Uda garaian gure hondartza betetzen duten ehundaka arabar horietako baten aurrean jarri ninduen patuak, aurrez aurre. Oraingo honetan, tamalez, berea zen azken hitza. Han, Gamarrako igerilekuen sarreran, etxean jokatzen zuen.

Nire onetik aterata, hondartzan harrapatzen banuen belarritik tiraka aterako nuela esan nion buila batean, haren etxekoekin, kuadrillakoekin eta trastu guztiekin batera, aforoa kontrolatzen duen semaforoa berdean jarri arte.

Nola ba. Aho txikiarekin botatako gezurraren eragina hutsala izan zela ikusitakoan, belarriak jaitsi eta buelta hartu nuen autora.

Txertoari esker, birusak gero eta gutxiago hiltzen gaitu zorionez, baina, oraindik ere, lurrean mukiaren marka uzten duen barraskiloak nola, gizatasuna arrastan galtzera behartzen gaitu izurriaren aurkako borrokak. Ea, apurka bada ere, neurriei neurria hartzen hasteko gai garen. Ikastetxeetako irakasle eta ikasleak datozkit gogora, ikasturte berria hasi den honetan.

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!