DONOSTIAKO 65. ZINEMALDIA

Erabiltzailearen aurpegia Iban Egiguren 2017ko ira. 27a, 00:48
Julia Juaniz

Gaur Julia Juaniz-eri eman diote Zinemira Saria. 

Euskal Zinema eta ETBren Galan, irailaren 26an (asteartea) Victoria Eugenia antzokian, Elkarrekin-Togetherfilma proiektatuko eta Zinemira saria emango da. Donostia Zinemaldiak eta EPE eta IBAIA ekoizle-elkarteek ematen dute ohorezko sari hori, euskal zinemagintzaren alorreko pertsona ospetsu baten ibilbidea aitortzeko. Aurreko urteetan Imanol Uribek (2009), Álex Angulok (2010), Elías Querejetak (2011), Michel Gaztambidek (2012), Juanba Berasategik (2013), Pedro Oleak (2014), Karmele Solerrek (2015) eta Ramón Bareak (2016) jaso dute. Aurten, Julia Juaniz muntatzailearen jarduna sarituko da.

Zaragozako Unibertsitatean Medikuntza eta Spectrum galerian argazkilaritza ikasi ondoren, 60tik gora produkzio muntatu ditu Julia Juanizek (Arellano, Nafarroa, 1956), bai zuzendari ezagunenak, besteak beste, Carlos Saura (TaxiPajaricoTangoGoya en BurdeosBuñuel y la mesa del rey SalomónEl 7º día, Io, Don Giovanni), Víctor Erice (Alumbramiento), Daniel Calparsoro (Guerreros / GerrariakAsfalto), Mercedes Álvarez (El cielo gira), Rafael Gordon (Todo mujerLa reina Isabel en persona), Ramón Barea (El coche de pedalesPecata minuta), Alberto Morais (Un lugar en el cineLa madre) eta Inés Parísenak (Miguel y William), bai euskal zinemagile gazteenak, esate baterako, Alberto Gorritiberea (Arriya / La piedra), Jabi Elortegi (Zorion perfektua), Pedro Aguilera (Naufragio / Hondoratzea) eta Arantza Ibarrarenak (Zigortzaileak / Los castigadores).

Errealizadore gisa egindako film laburrak ere aurki daitezke bere filmografian, besteren artean, Traintime(1991), Euskal Zinemaren Sari Nagusiaren irabazlea Bilboko zinema-jaialdian; El vuelo de Dora Salazar(2011), Altsasuko artistari buruzkoa; El grito de Guernica (2012); Mankind (2012), Lars von Trier zinemagilearen Gesamt proiekturako hautatua, eta El lenguaje de los objetos (2013), Marijose Recalde artistari buruzkoa.

Bitan izendatu dute muntaketa onenaren Goya sarirako, Goya en Burdeos (1996) eta Iberia (2005) filmengatik hain zuzen; horrez gain, El cielo girak (2004) Espainiako Kritiko Zinematografikoen Zirkuluaren saria ekarri zion.

Bere filmetako asko Donostia Zinemaldiaren historiaren parte dira: El tiempo de Neville (Zabaltegi, 1991), Urte ilunak / Los años oscuros (Zuzendari Berriak, 1993),Taxi (Sail Ofiziala, 1996), Muerto de amor(Zabaltegi, 1996), La fabulosa historia de Diego Martín (Euskal Zinemaren Eguna, 1996), Pecata minuta(Zabaltegi, 1998), Time’s Up! (Zabaltegi-Zuzendari Berriak, 2000), Buñuel y la mesa del rey Salomón (Sail Ofizialaren inaugurazioa, 2001), El 7º día (Made in Spain, 2004), Cosmos (Zuzendari Berriak, 2007), El cielo gira (Made in Spain, 2005), Fados (Zabaltegi-Perlak, 2007), Un lugar en el cine (Euskal Zinemaren Eguna, 2008), Zorion perfektua (Zabaltegi-Zuzendari Berriak, 2009), Arriya (Zinemira – Euskal Zinemaren Panorama, 2011) eta Naufragio (Zinemira – Euskal Zinemaren Panorama, 2011).

Argazkilaritzaren eta bideoartearen alorretan eta filmetako negatiboak pintatzen egin duen artista-lana hainbat erakusketatan egon da ikusgai: Artistas Españoles en Daegu (2013, Hego Korea), Ver con los ojos y el alma (La Neomudéjar, 2014), Abrir mundos (Espainiako Arte eta Zientzia Zinematografikoen Akademia, 2015), Alas-Hegoak (Iruñeko Zitadelako Arma Aretoa, 2015), Sueños (La Alhóndiga de Segovia, 2016), Emakumearen Eremua, el espacio de la mujer (La Neomudéjar, 2017). Errusian (Now&After), Mexikon (Casa Buñuel) eta Etiopian (AVAF Festival Ethiopian Videoart) ere erakusgai jarri dute bere obra.

Julia Juanizek zinemagintzako unibertsitate eta eskoletan muntaketa-ikastaroak eman ditu orobat. Europako Zinema Akademiako kide da, baita Espainiako Zinema Akademiako zuzendaritza-batzordekoa ere, muntaketako batzordekide gisa.

Gaur egun, Karzan Kader zuzendariaren Trading Paint (Espainia - AEB) muntatzen dabil, John Travolta, Michael Madsen eta Shania Twain protagonista dituen film luze bat, eta aurrez honako film hauek amaitu ditu: Bent, Bobby Morescok idatzia eta zuzendua (Crash eta Million Dollar Baby filmen ekoizlea), Sofía Vergara eta Andy García antzezleekin; Finding Steve McQueen, Mark Steven Johnson zuzendariarena (Daredevil), Travis Fimmel (Vikings) eta Rachael Taylor (Transformers) aktoreek protagonizatua, eta Black Butterfly, Brian Goodman zuzendariarena (What Doesn't Kill You), Antonio Banderas Donostia sariduna eta John Rhys Meyers (Match Point) antzezleekin.

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!