"GAIXOTASUN HAU NEKAGARRIA DA"

Juanita Cortak hirurogeita hamabost urte ditu eta Alzheimerra du. Domingo San Sebastianek berriz, hirurogeita hamazazpi eta Juanitaren zaintzaile nagusia da. Duela berrogeita hamabi urte ezagutu zuten elkar Zarauzko frontoian, musikaldi batean. 1970. urtean ezkondu ziren eta urriaren 17an urrezko ezteiak ospatuko dituzte.

 

 “Gaixotasun hau nekagarria da”

 

Juanita Cortak hirurogeita hamabost urte ditu eta Alzheimerra du. Domingo San Sebastianek berriz, hirurogeita hamazazpi eta Juanitaren zaintzaile nagusia da.  Duela berrogeita hamabi urte ezagutu zuten elkar Zarauzko pilotalekuan,  musika emanaldi batean.  1970. urtean ezkondu ziren eta urriaren 17an urrezko ezteiak ospatuko dituzte.


Noiz diagnostikatu zioten Alzheimerra zure emazteari?
Seguru-seguru ez dakit, baina ni jubilatu baino lehenago. Oker ez banago, hemezortzi urte baino gehiago igaro dira ordutik. Ni 60 urterekin jubilatu nintzen.

Nola erreakzionatu zenuen Alzheimerra zeukala esan zizutenean?
Bere ahizpak ordurako bazuen Alzheimerra. Goreti medikuak pastilla batzuk ematen zizkiola gogoratzen naiz, ez ziolako buruak ondo funtzionatzen, eta Donostiara bidali gintuen. Urtean bi aldiz joaten ginen, baina ez Kike Arriola medikuarengana baizik eta mediku espezialista normal batengana.
Nolakoa da gaixotasun hau?
Nekagarria. Emaztea gaixo eta zuk mila gauza egin behar dituzu eta batzutan, gauzak ondo hartzen ez dituenez, erraz haserretzen da. Haserretu egiten da eta errietan hasten zaizu. Orain, agian, ez baina lehen bai.
Zeozer positiborik ba al du?
Bai, oinez ibiltzearena aipatuko nuke. Nire emaztea asko ibiltzen da oinez.
Zein da orain artean bizi izan duzun unerik gogorrena?
Bada ez dakit. Pixkanaka-pixkanaka, urteen poderioz, ohitu egiten zara, baina hau oso gogorra da.
Ba al du eraginik zure eguneroko bizitzan?
Orain ez dauka ahalmenik ezertarako. Ez da ezertarako gai eta dena zuk egin behar duzu.
Zuretzat denbora librerik ba al duzu?
Une honetan, ez. Goizean eguneko zentrora eramaten dut; ondoren ogia ekartzen dut. Eguraldi ona egiten badu, baratzera joaten naiz. Han ordu t´erdi edo bi ordu igarotzen ditut. Gero etxera itzuli, bazkaria egin eta bilobarekin bazkaltzen dut. Eta hark ontziak garbitzen dizkit. Arratsaldeko bostetan emaztea jasotzen dut. Lehen, bolada batez jubilatuen tabernara joaten ginen eta biok punttun ibiltzen ginen, baina honetaz ere aspertu zen. Jubilatuen tabernarantz joaten baginen ez zuela joan nahi esaten zidan: “Ni ez noa horrera aspertu egiten naiz eta”. Ibiltzea eta paseatzea asko gustatzen zaio. Ibili batera eta bestera. Ni bera baino gehiago nekatzen naiz.
Laguntza ekonomikorik jasotzen al duzu?
Bai. Foru Aldunditik.
Eta bestelako laguntzarik? Laguntzen al dizute seme-alabek?
Bai, bai… Sarritan etortzen dira.
Nekatuta bukatzen al duzu eguna?
Bai, zeharo nekatuta. Eguerdian nekatuta egoten naiz dagoeneko. Lehen sekula ere ez nuen siestarik egiten eta orain egunero egin behar izaten dut. Urteak ere aurrera doaz.
Zure emaztearen jarrerek molestatzen al zaituzte?
Orain ez; lehen berriz, bai. Haserretu egiten zen, nik ez nion jaramon askorik egiten, baina halere haserretu egiten zen; batez ere, ibili behar horrekin. Hondartzara itzuli bat eman eta etxeratzen ginen orduko berriro egongelara etortzen zitzaidan eta “Goazen!” esaten zidan. Eta nik esaten nion “Etxera oraintxe etorri gara, Juanita” eta berak “Bai, baina beste itzuli bat egin behar dugu”. Eta  “Beti zuk nahi duzuna egiten dugu” esaten zidan.
Zure emaztearen zaintza beste baten esku utziko al zenuke?
Ez. Oraintxe bertan, ezta pentsatu ere.

Agurtu aurrretik gogoratu,  zuen seme-alabak, Idoia, Arritxu, Jon eta Lorek asko maite zaituztegula.