BIZITZA OSOA ARROKETAN MUXARRAK ARRANTZATZEN

Kirolzale eta kirolari amorratua, Albertok futbola maite izan du txikitatik. Hasieran plaieroetan, ondoren "Orioko" futbol taldean jokatu zuen 27 urte bete zituen arte, eta futbola utziz gero, areto futbolean jardun zen jokalari gisa eta entrenatzaile gisa, hamabi urtez. 38 urte zituenean, lesio baten ondorioz, entrenatzaile izateari utzi zion. Bi urte beranduago, "Orioko Mirotza" areto futbol taldea entrenatu zuen, hiru urtez. Egun, aisialdiko arrantza praktikatzen du.

Nola hasi zinen arrantzan eta zenbat denbora daramazu?
Betidanik egin dut arrantza.Bost edo sei urte nituenean, aitarekin joaten nintzen arrantzan egitera. Orioko barrara edo erriora joaten ginen. Bere kabuz eginiko banbu-kainaberak zituen orduan.
Zer arrantza mota egiten duzu?
Kortxoz arrantzatzen dut, itsasertzean edo arroketan, kainabera eskuetan dudalarik eta kortxoa pikadaren abisu gisa. Muxarrak harrapatzen ditut gehienbat. 
Zer teknika erabiltzen duzu?
Kortxozko edo buiako teknika darabilt, sei metroko kainabera arin bat eta haria jasotzeko edo askatzeko txirrika erabiliz. Kainabera eskuetan duzu beti. Harian berundun kortxo bat, birakari bat eta arrainarentzako fluorokarbonozko bi metro ikusiezin jartzen dituzu. Hari bukaeran, berun txiki bat eta amu bat, beitarekin. Nik ganba arroxa erabiltzen dut. Beita uretara jaurti eta kortxoa hondoratzen denean, kainaberatik tiratzen duzu.
Mazirik erabiltzen al duzu muxarrak arrantzatzeko?
Bai. Arrantzaontzietatik jasotako antxoa edo sardinekin egiten dut mazia. Birrindu, bost kiloko ontzietan ipini eta izoztu egiten ditut. Arrantzara joaten naizenean ontzi bat izozkailutik atera eta arroka inguruan botatzen dut. Usainak muxarrrak erakartzen ditu eta gosetuta amuari heltzen diote. 
Zein da zure harrapaketa gogokoena?
Muxarra. Zenbat eta haundiagoa are eta hobeto.Kortxozko arrantzan muxarrak harrapatzen dira gehienbat, gutxitan, ordea, lupiak, bailestak, karraspiak eta dontzeilak. Muxarrak gose direnean ez diete jaten uzten beste arrain espezieei. Bi kiloko muxarrak arrantzatu ditut nahiz eta hiruzpalau kilokoak ere badauden, azken horiek harrapatzea oso zaila baita.
Non ibiltzen zara arrantzan?Zein da zure tokirik gogokoena?
Arrantzale gehienei ez zaie gustatzen galdera honi erantzutea. Niri aldiz, ez zait axola. Getaria eta Pasaia artean arrantzatu izan dut. Azkenaldian Igeldora joaten naiz. Haizearen eta itsasoaren egoeraren arabera, toki batera edo bestera joaten naiz.
Ba al duzu arrantza egitea gustatuko litzaizukeen lekuren bat?
Bai. Galizia. Arroka eta urautsi askoko eremua da eta arrantzatzeko oso aberatsa.
Norekin joaten zara arrantza egitera?
Askotan bakarrik eta tarteka lagun batekin.
Aisialdiko arrantza lehiaketan parte hartu al duzu noizbait? 
Ez, inoiz ez.
Gustatuko al litzaizuke?
Bai. Baina gehienbat gustatzen zaidana arrantza eguna bera da, hau da, egunaren antolaketa, nola iritsiko naizen arrantzatzeko tokira, itsasoaren egoera, arrantzatuko dudan ala ez eta abar.
Nolakoa da ohiko arrantza eguna?
Egunez eta marearen arabera arrantzatzen dut. Marea erditik gorantz dagoenean eta ordubete beherantz hasita dagoela arrantzatzea dut gustoko. Ilusentia eta ilunabarra dira arrantzatzeko unerik aproposenak. Arrantza eguna aldez aurretik antolatzen dut, eguraldia eta itsasoaren egoera ikusita. Metro bateko olatuak, haize gutxi eta egun lainotsua dira baldintzarik egokienak. Laupabost orduz egon naiteke arrantzan, goizez nahiz arratsaldez. Aldez aurretik aukeratutako tokira iristen naiz. Sarritan lekura iristeko zailtasun pittin bat izaten dut. Batzutan ordubete oinez joan behar izaten dut ibilgailua utzi dudan lekutik arrantza gunera. Arrantza ekipoa muntatu eta arroketako zuloetan probatzen dut. Lehenik eta behin, nire kabuz prestatutako mazia uretara botatzen dut. Muxarra gose bada, tamaina politeko makina bat ale harrapatu ditzaket. Arrantza amaituta, arrainak arroketan garbitu eta etxeratzen naiz.
Arrantza egun batean gertaturiko pasadizoren bat.
Urtarrileko egun batean, arroketan nengoela, motxila uretara erori zitzaidan. Diru-zorroa eta dokumentazio guztia motxilan nituen. Arropa kendu eta uretara egin nuen salto motxila errekuperatzeko. Arroketara iritsita, urpekari bat ikusi nuen.
Arrantza kirola dela uste al duzu? Zergatik?
Bai. Arrantza egun batek suposatzen duenagatik, hala nola, aldez aurretiko antolaketa, toki batetik besterainoko joan-etorriak, arroka batetik besterainoko etengabeko dezplazamendua arraina aurkitu arte. Eta kirolean bezala, gauzak ondo eginez gero, arrakasta izaten duzu. Gainera, arrantzarekin, kirolarekin bezalaxe, asko dibertitzen naiz eta arazoak ahazten ditut. Adikzio bat bihurtu da.
Material modernoen erabilerak markatzen al du arrantzatu edo ez arrantzatzearen arteko aldea?
Bai, dudarik gabe. Gaur egun asko aldatu da guztia, erabiltzen ditugun kainaberetatik hasita. Karbono-zuntzezko kainaberak dira, oso luzeak, eta azkenean, arroketan egun osoa igarotzeko sumatzen da. Bestalde, erabiltzen den haria fluorokarbonozkoa da, lodiagoa eta arrainentzat ikusezina. Fluorokarbono-haria edo hari arrunta erabiltzeak eragina izan dezake arrantzatu edo ez arrantzatzearen artean.
Zure bertute onena eta akatsik okerrena.
Nik esango nuke gauza bera direla, hots, nire pertseberantzia. Nire izaera dela eta, asko mugitzen naiz toki batetik bestera, arraina harrapatu arte. Baina, aldi berean, arrantzatzeko grinak behar den ezagutza edo errespetua ez izatera eraman nezake eta aurrera jo eta istripu bat izan dezaket.
Baimen sistemari dagokionez, zer iritzi duzu?
Ondo iruditzen zait araudi bat egotea. Nik aisialdirako arrantza baimena dut. Eta aseguru bat ere, ezbehar bat gertatu ezean. Mota guztietako arrainak harrapatu ditzaket, hori bai, kopurua errespetatuz. Esaterako, egun batean 5 kilo muxar arrantzatu ditzaket.
Urtean zenbat aldiz arrantzatzen duzu?
Askotan, astean behin, ahal badut astero. Muxarrak urtero arrantzatzen ditut, arroketan, eguraldia lagun. Muxarrak harrapatzeko garairik aproposena udaberria da, errutera hurbiltzen direnean. Urritik aurrera ere negu guztia oso ona da. Hilabete txarrenak udakoak dira.
Arrantzale on batek bete beharreko ezaugarriak.
Lehenik eta behin, arrantza gustatu behar zaizu. Pazientzia izan behar duzu, ikuskatzailea izan eta arrantzan jakitun den jendeari entzuten jakin behar da. Horrela asko ikasten da. Gaur egun, oraindik ere, arroketan arrantzale bat ikusten dudanean, nola arrantzatzen duen begiratzen dut.
Hasi berrientzako aholku bat.
Lasaitasuna batik bat, eta arrantzan jakitun den bati aholkuak eskatzea. Itsasoa errespetatzea eta inoiz ez bizkarra ematea. Arroketan kontu handiz ibili behar da, ez irristatzeko.