Ibai Makazaga eta Xabat Elortza podiumera igo dira 53. Irungo Hiriko Krossean

Erabiltzailearen aurpegia Idoia San Sebastian corta 2023ko abe. 5a, 10:22

Orioko atletismo taldeko kideak 53. Irungo Hiriko Krossean parte hartu zuten igandean, eta gustura bueltatu ziren etxera lortutako emaitzekin.

Orioko Kamel Ziani atletismo taldeak, abenduaren 3an, Irungo Txingudi Ikastolako zelaietan egindako 53. Irungo Hiriko Krossean parte hartu dzuen. Gipuzkoako Txapelketa izan zen, eta Orioko atletismo taldeko federatuek eta eskolarteko korrikalariek parte hartu zuten. Ibai Makazagak lehenengo postua lortu du master kategorian, eta Xabat Elortzak bigarren postuan sailkatu zen 20 urtez azpiko mailan.

Gainontzeko partaideek ere lasterketa bikaina egin zuten. Infantil nesken mailan, Elaia Lasartek, Djiara Ndaok eta Xare Elortzak parte hartu zuten. Alebin mutilen artean izan ziren, Amets Makazaga eta Liher Iruretagoiena, eta alebin nesketan, berriz, Nahia Makazagak parte hartu zuen. Master kategorian, berriz, Ibai Makazagaz gain, Josu Solaberrieta ere aritu da korrika.

Podiumera igotzea lortu zuten Ibai Makazaga eta Xabat Elortza korrikalariekin hitz egiteko aukera izan dugu lasterketaren ondoren.

Makazaga eta Elortza: "Bizipoza ematen digu atletismoak"

IBAI MAKAZAGA ETA XABAT ELORTZA

Gustuko lasterketa izan al da gaurkoa?
Ibai Makazaga: Bai, oso ondo pasatu dut, lokatza zegoen, bihurguneak eta aldapak. Lasterketa polita izan da.
Xabat Elortza: Bai, egia esan, oso gustura nago, lasterketa gogorra izan arren eta nahiz eta takoekin ez asmatu, asko gozatu dut.

Eguraldiak eraginik izan al du gaurko lasterketan?
Ibai: Korrika egiteko eguraldi oso ona izan dugu, freskoa baina euririk gabe. 
Xabat: Bai. Lokatz asko zegoen aste honetan euri asko egin duelako, baina tako aproposekin lokatzaren arazoa konponduta legoke.

Aurtengo denboraldia ondo al doa?
Ibai: Ez. Lesionatuta nago Akiles-eko tendoia dela eta. 
Xabat: Aurtengo denboraldia amaitzear dago, abenduan bukatzen da eta denboraldi oso ona izan dela esango nuke, proposatutako helburuak lortu ditugulako.

Zein dira zuen helburuak?
Ibai: Euskal Herriko Mendi Lasterketetako Txapelketa Kanpezun, Zegama-Aizkorri Mendi lasterketa eta Espainiako Txapelketa Malagan 2024ko ekainean. Ea otsailean korrika egiten hasteko prest nagoen.
Xabat: Elgoibarko Nazioarteko Krossean postu on bat lortzea eta Euskadiko txapelketan plaza bat lortzea Espainiako Txapelketarako.

Nola hasi zinen atletismon?
Ibai: Egun batean lagun batekin parkean nengoela korrika egitera joango ginela erabaki genuen. Mendian jardun nintzen korrika bi urtez nire kabuz eta entrenatzaile baten bila hasi nintzenean, Zabalak Kamel Ziani gomendatu zidan, eta Kamelek menditik atletismo arlora bultzatu nau. Orain bietan ibiltzen naiz, bai atletismoan eta baita mendian ere.
Xabat: Txikitatik aita ikusi izan dut korrika beti eta gustatu egin zitzaidanez ni ere apuntatu egin nintzen.

Nolakoak dira entrenamenduak?
Ibai: Ordubete inguru irauten dute. Astean hiru aldiz lasai eta beste bietan gogorragoak, seriek tarteko. Mendiko denboraldia hasten denean berriz, astean behin mendira joaten naiz.
Xabat: Askotan oso gogorrak dira. Ikasketak direla eta, askotan bakarrik entrenatu behar izaten dut, eta ordubetez entrenatzea antzeko erritmoetan askotan nekagarria izaten da, baina aldi bereanbere fruituak ematen ditu.

Korrikaz gain, beste modalitaterik lantzen al duzu?
Ibai: Ez, egia esan ez. Mendiko lasterketak, herri-krossak eta maratoiak. Ez dit gehiagorako ematen bizitzak.
Xabat: Lehen futbolean jokatzen nuen baina utzi egin nuen eta orain atletismoan aritzen naiz. Krossak eta atletismoko pistan jokatzen diren 3.000 metroko oztopo-probak gustatzen zaizkit gehienbat, iraupen-lasterketak direlako eta oso gustura ibiltzen naiz bi diziplina hauetan.

Zer ematen dizu atletismoak?
Ibai: Bizipoza. Azkenean, nahiz eta lana, familia eta abar erdigunean egon, atletismoa nire zaletasuna da, nire buruarekin gustura egoteko behar dudana.
Xabat: Bizipoza ematen dit eta askotan burua bere tokian mantentzen laguntzen dit. 

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!