Joseba Torresek bere marka pertsonala gainditu du 3,50 metroko pertiga-jauziarekin

Erabiltzailearen aurpegia Idoia San Sebastian corta 2023ko abe. 26a, 10:53

Duela zortzi urte Kamel Ziani Atletismo taldean eman zituen Josebak Torres Gutierrezek lehenengo urratsak, baina gaur egun Diputazioko Errendimendu Altuko taldean dago oriotar gaztea.

2023ko abenduaren 22an, Joseba Torres Gutierrez oriotarrak bere marka pertsonala gailendu zuen, pertiga-jauzia modalitatean (3´50 metro) Donostiako Anoeta Belodromoan izandako parte-hartze libreko probetan.  Ibilbide bikaina egin du orain artean oriotar gazte honek. 2023ko urriaren 6, 7 eta 8an Gijonen izandako Espainiako txapelketan zazpigarren postua lortu zuen pertiga-jauzian. 2022ko Aste Santuan, berriz, Madrilen jokatutako Espainiako txapelketan, bakarka lehenengo postua lortu zuen luzera-jauzian, 5´42 metroko jauzia eginez, eta taldeka bigarren postuan sailkatu zen. Errealarekin hainbat Euskadiko txapelketak irabazteaz gain, 2021ean Ligan indibidualki hirugarren postua eskuratu zuen.

Duela zortzi urte Kamel Ziani Atletismo taldean eman zituen Josebak Torres Gutierrezek lehenengo urratsak. Baina pertiga-jauzia gustoko izan eta herrian modalitate hori praktikatzeko aukera ez zuenez 2017an Errealarekin entrenatzen hasi zen. 2021ean 12 urte zituela, Diputazioko pertiga eskolan hasi zen, eta gaur egun, Diputazioko Errendimendu Altuko taldean dago Joseba Torres, bera gazteena izanik.

Gabonak ate joka direla, Josebarekin solasalditxo bat izateko parada izan dugu.

Zergatik eta noiz aukeratu zenuen pertiga-jauzia?

Txikitan 4 urterekin 2012ko Olinpiar Jokoak ikusten ari nintzela telebistan gurasoekin,  pertiga-jauzia gustatu zitzaidan baina banekien ezingo nuela denbora jakin bat pasa arte kirol hori egin, proba horretan parte hartzeko gutxieneko adina behar delako. Hala, itxaron egin nuen, eta hamabi urterekin iritsi zitzaidan eguna.

Nola sentitzen zara pertiga eskuan duzunean?

Gauza asko etortzen zaizkit burura. Batetik,  kontzentratu egin behar dudala eta egin behar dudana aztertu behar dudala. Ez da lan erraza, baina urteak igaro ahala ikasi egiten da eta gauzak gero eta hobetoago ateratzen dira.  Bestetik, txikitatik amestu dudan zerbait dela. Pribilegiatuta sentitzen naiz nahi nuena lortu dudalako.  

Beste diziplinarik probatu al duzu pertiga-jauziaz gain?

Bai. Atletismoan  ia proba mota guztiak landu ditut, hala nola, 60 m, 100m, altuera-jauzia, luzera-jauzia eta pisu-jaurtiketa. Txikitan krossak ere egiten nituen. Atletismoaz aparte, arraunean jardun nintzen urtebetez baina utzi egin nuen.

Nolako da entrenamendua?

Astean bost aldiz Donostira joaten naiz, eta entrenamenduak bi ordu irauten du. Uneotan Errendimendu Altuko taldean nagoenez, esfortzu handiagoa eskatzen dit baina ahaleginak merezi du.

Zein da pertiga-jauzia praktikatzen jarraitzeko motibazio nagusiena?

Txikitatik nuen ametsa egia bihurtzea, eta nahiz eta egun gogorrak izan ohore bat da hor egotea, pertiga bat eskuan hartuta.

Nolakoa da diziplina hori?

Nire ustez, fisikoki zaila da, baina mentalki ere bai. Izan ere, listoia oso altu dagoenean, pentsatu behar duzu ez dela soilik korrika egin eta jauzi egitea; landu duzun guztia praktikan jarri behar duzu eta fisikoki eta mentalki lan asko eskatzen du.

Zein da altuera horretara iristeko zailtasunik handiena?

Nire ustez, teknika, abiadura lantzea teknika lantzea baino errazagoa baita. Teknika lantzeko ordu asko eta entrenamendu asko behar dira. Behin teknika kontrolpean duzunean erraza da, baina hasiera zail samarra da.

Ikastea eta lehiatzea, merezi duen ahalegin bikoitza. Nola daramazu?

Ordutegiari dagokionez, nahiko juxtu ibiltzen naiz. Eskolatik irten eta gurasoek jasotzen naute eta zerbait jan ostean, entrenatzera joaten naiz. Gaur egun, trenez bidaiatzen dut. Ikasketei dagokienez ondo daramatzat. Azterketak eta entrenamenduak ondo uztartzen ditut.

Zein da zure marka hoberena?

3´50 metro, ostiralean bertan egin nuen.

Zer ezaugarri izan behar ditu pertigista on batek?

Fisikoki indartsua izan behar da, abiadura izan behar du eta ez du oso pisutsua izan behar, pisu hori igo egin behar delako. Horregatik, hobe da pisua eta indarra proportzioan izatea. Eta burua lantzea oso garrantzitsua da. Horrela, zenbat eta denbora gehiago igaro pertigarekin, ordun eta hobetoago egongo zara mentalki.

Gurasoak zure lehiaketak ikustera joaten al dira?

Bai. Ia lehiaketa gehienetara joaten dira. Asko gustatzen zaie, eta niri ere gurasoak hor egotea gustatzen zait.

Zeintzu dira zure helburuak etorkizun hurbilean?

Otsailean Sabadell-en (Herrialde Katalanak) jokatuko den pista estaliko Espainiako Txapelketan parte hartzea dut helburu. 4´20 metroko  marka eskatzen dute, baina lana gogor eginez gero, lortu dezakedala uste dut. Etorkizunera begira berriz, Espainiako txapelketetan parte hartu nahi dut, eta nola ez, baita Olinpiar Jokoetan ere. Baina uneotan nire marka hobetzea dut helburu.

Segidan Joseba Torresen aitaren hitzak jaso ditugu. Honen ustetan, bere semeak aukeratutako kirola oso konpletoa da, ezaugarri asko eskatzen dituena, hala nola, "indarra, abiadura, teknika, oreka eta burua indartsu" izatea. Jauzi on bat egiteko arlo horiek guztiak ondo menperatu behar direla esan digu. “Esanguratsuena da Josebaren salto bakoitzaren ostean, entrenatzaileak ematen dizkion hamazortzi agindu hurrengo saltoan zer egin behar duen azalduz”, dio Josebaren aitak.  "Ikusle gisa badirudi makil bat eskuan duelarik korrika eta salto egiten duen mutil soil bat  dela, baina pertiga-jauzia sakonki aztertzen duzunean konturatzen zara teknika menperatzea ezinbestekoa dela itxurazko jauzi bat egiteko”, gaineratu du Andoni Torresek.

Eta amaitzeko, ezin gara agurtu Joseba Torresen errendimendu altuko  entrenatzaile den Luis Aranzabal aipatu gabe. 

 

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!