"Elgoibarko zirkuitua gogorra da, baina oso polita"

Xabat Elortza eta Martin Iriondo.

Orioko atletismo taldeko kideak Elgoibarko Juan Mugerza Nazioarteko Kroseko 80. edizioan parte hartu zuten igandean, eta gustura bueltatu ziren lortutako emaitzekin.

Orioko  Kamel Ziani atletismo taldeak parte hartu zuen urtarrilaren 7an Elgoibarko Mintxeta zirkuituan izandako 80. Muguerza Nazioarteko Krosean. Korrikalari oriotarrek lasterketa bikaina egin zuten. Alebin mutilen mailan, Peru Goikoetxeak eta Amets Makazagak parte hartu zuten. Alebin nesken mailan Nahia Makazagak, eta infantil nesken artean izan ziren, Elaia Lasarte, Djiara Ndao, Xare Elortza eta Julene Iturrioz. 20 urtez azpiko kategorian, berriz, Euskadiko Selekzioaren izenean, Martin Iriondo eta Xabat Elortza lehiatu ziren Olinpiar Jokoetan eta nazioarteko lasterketa nagusietan parte hartzen duten atleten aurka.

Martin Iriondo eta Xabat Elortza korrikalariekin hitz egiteko aukera izan dugu lasterketaren ondoren:

 

"Elgoibarko zirkuitua oso polita da"

MARTIN  IRIONDO ETA XABAT ELORTZA

Nolakoa izan da lasterketa?
Martin Iriondo: Espero nuen bezala, probaren hasieratik frantsesek eta ingelesek hartu dute lidertza, eta nire asmoa zen lehenengo eta bigarren itzulian zentzuz jokatzea, guztia eman eta gero egoerari buelta ematea oso zaila delako. Pixkanaka, nire taldetxoa bilatu eta sentsazio onak izan ditut. Lasterketa nahiko fuerte bukatu dut eta gustura geratu naiz.
Xabat Elortza: Oso gogorra izan da, aldapa asko dituelako; baina, aldi berean, oso goxoa.

Atera al zinen inoiz Muguerzako krossean?
M.I.: Euskadiko selekzioarekin jokatzen dudan hirugarren aldia da jada. Lehenengo urtean 18 urtez azpiko mailan bigarren geratu nintzen, bigarren urtean hirugarren postuan, eta gaur 20 urtez azpiko mailan hamargarren iritsi naiz eta nahiko gustura nago.
X.E.: Pasa den urtean ez nuen parte hartu, baina hamalau urte nituenetik beti atera naiz Mugerza krosean.

Nolakoa da Elgoibarko zirkuitua?
M.I.: Berezia da. Beste krosekin konparatuz gero, beste xarma bat dauka. Denetik dauka: aldapak, ikusleak oso gertu daude, pista dauka, lokatza ere bai. Nahiko berezia da eta Euskal Herriko politena.
X.E.: Oso polita da nahiz eta gogorra izan, eta asko gozatzen da korrika egiterakoan.

Eguraldiak eraginik izan al du?
M.I.: Kros honetan parte hartu dudan hiru urteetan gaur egin duen eguraldi berbera egin du: euria, hotza eta lokatza. Nire ustez, lokatzetan ondo moldatzen naiz. Azken finean, denok sufritzen dugu, baina, lokatza dagoenean, indarra behar da eta ni nahiko ondo moldatzen naiz egoera horretan.
X.E.: Eguraldi ona izan dugu, ezin gara kexatu.

Zer sari irabazi dituzu orain artean?
M.I.: Nire lorpen nagusia Espainiako Txapelketan 16 urtez azpiko mailan txapelduna izatea. Bestetik, errekorra ere badut, 3.000 metrotan duela hiru aste eginiko marka, esaterako. Horrez gain, Espainiako Txapelketetan Top 10ean seigarrrena iritsi nintzen.
X.E.: Orain artean saririk ez du lortu, baina gustura nago 3.000 metroko marka hautsi dudalako. Orain Euskadiko Txapelketari begira jarri behar dugu.

Noiz hasi zinen korrika?
M.I.: Txikitatik, Ikastolan ondo moldatzen nintzen korrika, eta krosak egiten hasi nintzen. Kamelek esan zidan taldean hasteko eta pixkanaka, Zarauzko krosa, Irungo krosa eta beste hainbat egin egiten hasi nintzen. Krosaren ondoren pistara joan naiz. Gutxi gorabehera duela bost urte edo hasiko nintzen.
X.E.: 2018. urtean, atletismo taldea sortu eta hurrengo urtean.

Nolakoak dira entrenamenduak?
M.I.: Aurten entrenamenduetan kilometro gehiago egin ditugu, baina oraindik ez ditugu intentsitate handiko entrenamenduak egin. Entrenamenduetan pixka bat sufritu behar da, baina ni gustura jaikitzen naiz, entrenatzera joatea gustuko dudan gauza delako.
X.E.: Oso gogorrak dira, baina astean zehar kilometro kopurua jaisten dugu eta askoz lasaiago egoten naiz.

Elikadurari dagokionez erregimen berezirik egiten al duzu?
M.I.: Egia esan, ez. Baina beti zaintzen naiz, oso pertsona diziplinatua naizelako. Nire aita arraunlaria zen, eta etxean ikusi dudana ikasi dut. Ez zait batere kostatzen zaintzea eta ondo elikatzea, gustuko dudala esango nuke.
X.E.: Elikadurari garrantzi handia ematen diot. Karbohidratoak hartzen ditut korrika egin aurretik eta haragia jatea ere oso garrantzitsua da.

Atletismoak egin al dio onik zure nortasunari?
M.I.: Bai. Bizitzeko beste ikuspegi bat daukat orain. Etorkizunari begira, kirolarekin lotutako ikasketak burutu nahi ditut.
X.E.: Atletismoak asko lagundu dit nire izaeran, estresa kentzeko asko balio baitu.

Aurtengo denboraldia nola doa? Zein dira zuen helburuak?
M.I.: Denboraldi guztien artean aurtengoa izan da hoberena. Urtarrilaren 27an Getafen (Madril, Espainia) jokatuko den Espainiako Txapelketan postu on bat lortzea eta martxoan jokatuko den Espainiako Txapelketako 5.000 metroko lasterketan marka ona lortzea ditut helburu.
X.E.: Gorabehera asko egon dira aurtengo denboraldian, baina oso gustura gaude lortutako emaitzekin.

Kirolari afrikarrei buruz zer iritzi duzu?
M.I.: Beraiei buruzko albisteak jarraitzen ditut eta, oraintxe Keniara joango banintz, ziur nago maila altuko beste 10.000 korrikalari profesionalekin egingo nukeela topo, baina ez direla hemen ikusten ditugunak bezain ospetsuak.
X.E.: Oso kirolari konpletoak dira. Azken finean, korrika egiteko ezaugarri bikainak dituzte. Izatez, oso kirolari onak dira.

Nola ikusten duzue atletismoaren oraina eta etorkizuna Euskal Herrian?
M.I.: Oso momentu onean dago atletismoa Euskal Herrian, eta oraintxe marka berri asko jartzen ari dira. Gipuzkoan atletismoa asko sustatzen eta pixkanaka indarra hartzen ari da,  nahiz eta oraindik laguntza gutxi jaso.
X.E.: Atletismoa asko lantzen eta garatzen ari da azken urte hauetan. Gazte oso onak datoz, eta urte gutxiren buruan ikusiko ditugu korrikalari horiek profesional bihurtzen.

 

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!