Joseba Torres eta Lucia Parada podiumean 16 eta 18 urtez azpiko Gipuzkoako Atletismo txapelketan

Joseba Torres podiumean. (Idoia San Sebastian Korta)

Emaitzen inguruko informazioa eskaintzeaz gain, Idoia San Sebastianek asteburuan Gipuzkoako Atletismo Txapelketan parte hartu duten hainbat korrikalari elkarrizketatu ditu.

Pasa den larunbatean, otsailaren 3an, jokatu zen hamasei eta hamazortzi urtez azpiko eta parte hartze libreko Gipuzkoako Atletismo Txapelketa Donostiako belodromoan. Joseba Torresek (Erreala) lehenengo postua eskuratu zuen, 3,30 metroko pertiga jauziarekin, eta Lucia Parada (Orioko Kamel Ziani A.K.) berriz, txapeldunordea izan zen berrehun eta laurehun metroko lasterketetan, 25;92 eta 58;64 denborak markatuta, hurrenez hurren.

Lucia Paradak bigarren postuan lortu du asteburuan Gipuzkoako Atletismo Txapelketan. (Orioko Atletismo Taldea)

Orioko Atletismo taldeko kideak protagonista izan ziren goiz eta arratsaldez Donostiako belodromoan. Izan ere, azpimarratzekoa da Xabat Elortzak egin zuen 1.500 metroko lasterketa, 44 ehunenekogatik soilik ez baitzuen lortu Espainiako 20 urte azpiko pista estaliko Atletismo txapelketan parte hartzeko gutxieneko marka.

Gipuzkoako Atletismo Txapelketan parte hartu zuten Kamel Ziani Atletismo taldeko kideen denborak honako hauek izan ziren:

  • 60 metro: Ibai Agirrezabal (7;39) eta Naia Rubio (8;91).
  • 200 metro: Ibai Agirrezabal (23;17), Asier Basurko (22;56), Lucia Parada (25;92), Iker Aguado (27;97), Irati Agirrezabal (28;28), Maialen Huegun (28;28), Itxaso Albeniz (30:30) eta Lucia Sarasola (32;30).
  • 300 metro: Elaia Lasarte (48;66).
  • 400 metro: Asier Basurko (56;38), Lucia Parada ((58;64), Irati Agirrezabal (1:05;18) eta Maialen Huegun (1:07;76).
  • 600 metro: Elaia Lasarte (1:53;53) eta Xare Elortza (2:04;95).
  • 800 metro: Unai Azkue (2:08;93) eta Manuel Lasarte (2:29;37).
  • 1000 metro: Djiara Ndao (3:38;52), Xare Elortza ((3:42;18) eta Julene Iturriotz (3:45;61).
  • 1500 metro: Xabat Elortza (4:03;44) eta Nizar Ziani (4:28;60).

 

Lucia Parada eta Maialen Uhegun korrikalariekin hitz egiteko parada izan dugu lasterketaren ondoren.

 

"Nahiago dut aire librea,  pista estalian aldapa eta kurba asko daudelako"

Lehenengo lasterketa pista estalian. Zer nolako sentsazioak izan dituzue?
Lucia Parada: Ez naiz oso gustura geratu, bi domina lortu ditudan arren. Badakit hobeto egin nezakeela baina ziur nago aukera gehiago izango ditudala.
Maialen Huegun: Nahiko gustura nago. 400 metrotan nire marka pertsonala hobetu dut eta 200 metrotan, berriz, nahiz eta marka pertsonala ez gainditu, nahiko gustura geratu naiz.

Zer nahiago duzue pista estalia ala aire librea?
L.P.: Aire librea nahiago dut. Pista estalian aldapa asko daude eta indar asko behar da eta gainera, bakoitzak bere kaletik joan behar du.
M.H.: Egia esan nahiago dut aire librea, itzuli batek 200 metro soilik dituelako eta kurbak gogorrak direnez, esfortzu fisiko handiagoa egin behar delako.

Non entrenatzen duzue pistan korrika egiteko eta zer motako entrenamenduak izaten dira?
L.P.: Oro har, Orioko frontoian entrenatzen dugu eta astean bi aldiz Hernanira joaten gara pistan entrenatzera, Orion ez dagoelako pistarik. Hernanin serieak egiten ditugu.
M.H.: Serieak egiteko Hernanira joaten gara. Orion, berriz, aldapak, eskailerak  eta beste motako ariketak egiten ditugu. Lasterketa bat baldin badugu, serie motzagoak egiten ditugu, hala nola, 100, 200 eta 300 metrokoak. Lasterketarik ez dugunean, berriz, serie luzeagoak egiten ditugu, 400, 500 eta 600 metrokoak.

Zein da gehien gustatzen zaizuen distantzia?
L.P.: 400 metroko lasterketa. Nire markarik hoberenak distantzia horretan lortu ditut. 200 metroko distantzia ere oso gustuko dut. 200 nahiz 400 metroko distantzietan lortu ditut Espainiako Atletismo txapelketara joateko behar ditudan gutxieneko denborak.
M.U.: Niri ere 200 eta 400 metroko distantziak gustatzen zaizkit gehienbat. Orain arte, 200 metroko distantzia nuen gustukoena baina orain laurehun metroko distantzian konfiantza hartzen ari naiz.

Gustura al zabiltzate atletismoan eta zergatik?

L.P.: Bai, oso gustura nabil. Jendeak uste du atletismoa kirol indibidula dela, baina talde bat osatu dugu eta oso gustura gabiltza.
M.U.: Ni ere oso gustura sentitzen naiz. Nahiz eta atletismoa kirol indibiduala izan, oso talde polita osatu dugu. Gainera, entrenatzaileak gure esfortzua asko baloratzen du eta gure artean asko laguntzen dugu elkar.

Zein helburu dituzu epe motzean?
L.P.: Laster Espainiako Txapelketa jokatuko dut pista estalian (400 metro) eta datorren astean Euskadiko Atletismo Txapelketa (400 metro).
M.U.: Pixkanaka marka hobeak lortzea, baina batez ere prozesu honetaz disfrutatzea.

 

 

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!