Laguntza izoztuak

Erabiltzailearen aurpegia Jakes Goikoetxea 2015ko urt. 22a, 13:09
Erakundeek euskarari eta euskarazko komunikabideei ematen dizkieten diru laguntzez. BERRIA egunkarian urtarrilaren 17an argitaratua.

Datu makroekonomikoak hobetzen ari dira —agintariek krisiaren amaiera iragartzen dute urtero— eta zerga bilketa handitu egin da —zerga erreformei esker, besteak beste—. Baina euskararentzako eta euskarazko hedabideentzako dirua testuinguru ekonomikoarekin lotzen duten erakunde horiexek berek izoztu egin dituzte diru laguntzak. Baita aurrekontu orokorrak igo badituzte ere. «Euskal hedabideek azken urteotako diru laguntza publiko txikiena izango dute aurten», esan du Hekimen Euskal Hedabideen Elkarteak, Hego Euskal Herriko administrazio nagusien aurrekontuak aztertu eta gero. Eusko Jaurlaritzak ia milioi bat euro gutxiago banatu zuen 2011 eta 2012 artean, eta geroztik bere horretan mantendu du jaitsiera; Gipuzkoako eta Bizkaiko foru aldundiek izoztu egin dituzte; Arabakoak hutsaren hurrengoa ematen du; eta Nafarroakoak ezta hori ere, ezer ez, zero. Hekimenek berak, datu argigarria eman zuen iazko azaroan: Jaurlaritzak 2013an publizitate eta komunikazioko diruaren %2 baino gutxiago gastatu zuen euskal hedabideetan.

Oso urrun daude, beraz, utopia dirudite, sektorearen eskaerak: akordio estrategikoa, euskal hedabideen garrantziaren eta lanaren aitorpena... Haizeak urtero eramaten ditu Euskararen Nazioarteko Egunean egindako adierazpen instituzional arranditsu bezain hutsalak. Euskara oraindik ere bazterreko gaia da administrazio gehienetan. Euskal hedabideak, ezta hori ere.

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!