Hatz markak, aurpegi markak

Erabiltzailearen aurpegia Jakes Goikoetxea 2015ko mar. 6a, 15:15
BERRIAn argitaratutako testua, Alfonso Alonsok Gasteizko alkate zela diru publikoarekin lagunen mesedetan eta herritarren kaltetan egindako tratuei buruz.

Gasteizko Udalak, Afonso Alonso alkate zela —Espainiako Osasun ministroa da egun—, Gonzalo Anton lagunari udalaren lokal batzuk saldu zizkion 2006an. Urtebetera, Gasteizko Udalak lokal horiexek alokatu zizkion Antoni, hogei urterako, saldutako prezioaren bikoitza baino gehiago ordainduz (6,1 milioi euro). Lehiaketa publikorik gabe. Presaka, 2007ko udal hauteskundeak baino lau hilabete eskas lehenago. Alonsoren beraren ardurapean eta kontrolpean. Udaleko teknikarien operazioari buruzko txostena jaso gabe —garestiegia zela esan zuten gero—. Antonek lokaletan egin zituen obrak ere ordainduta (1,6 milioi euro). Eta, Antonen enpresako mezu elektronikoen arabera, kontratua puztuta, udalak sei milioi euro nola edo hala ordaintzeko. Bi aldeek gotortu egin zuten kontratua, Antonen mesedetan. Anton beti irabazle.

Espainiako Kontu Auzitegiak ia milioi erdi euroko bermea ezarri die Alfonso Alonsori eta haren udal taldeari —Ogasun zinegotzia zen Javier Maroto egungo alkatea—. Alonsok eta Marotok operazioa zuritu dute esanez «interes publikoaren mesedetan» egin zutela. Marotok babestu egin du udal teknikariek gomendatutakoa baino gehiago ordaindu izana, esanez haien iritzia ez dela bete beharrekoa. Gehiago ordaindu nahi zuten, beraz.

Marotorentzat, hiriko arazo nagusia gizarte zerbitzuei iruzur egiten dieten atzerritarrak dira, eta hatz marken bidez kontrolatu nahi ditu. Ez du ezer esaten politikarien aurpegia edo azalaren lodiera kontrolatu beharraz.

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!