Arrain txikia, arrain handia

Erabiltzailearen aurpegia Jakes Goikoetxea 2015ko mar. 10a, 12:03
BERRIA-n argitaratutako testua, gizarte laguntzetako iruzurrari eta zerga iruzurrari buruz.

Gizarte laguntzetako iruzurrek eta balizko iruzurrek arreta eta zarata mediatiko gehiago lortzen dute zerga iruzurrek baino. Ez komunikabideetan bakarrik. Familiako otorduetan, parkeko elkarrizketetan, lagunartean, lanean, tabernan, kiroldegian eta sare sozialetan errazago entzuten eta irakurtzen dira gizarte laguntzak jasotzen dituztenen bizimoduari buruzko kritikak —gehienetan atzerritarrei buruzkoak—, zerga iruzurra egiten dutenei buruzkoak baino. Gizarte laguntzetako iruzurra zerga iruzurraren aldean hutsaren hurrengoa den arren.

Zerga iruzurgile handiak ikusezinak dira. Zerga iruzurra bera ere bai. Iruzurgile guztiak gure inguruan bizi diren arren. Eta badago zergak saihestearen aldeko kultura bat ere, zergak saihestea onartzen duena; baina gizarte laguntzak jasotzen dituztenak baliatzaile edo iruzurgile bihurten dituena.

Gipuzkoako Foru Aldundiak eman berri ditu iazko datuak: 414,6 milioi euroko zerga iruzurra azaleratu zuen, inoizko kopuru handiena. Horietatik 170 milioi euro sozietate zergan (2013an baino %21,8 gehiago), hau da, enpresek irabaziengatik ordaintzen duten zergan. Adierazgarria da Gipuzkoako Foru Aldundiak iaz 2013an baino ekinbide gutxiago egin zituela zerga iruzurra antzemateko, baina %5,3 iruzur gehiago azaleratu duela. «Arrain handiagoen bila» joan dira, Xabier Olano Ogasun zuzendariaren esanetan.

Eta, bitartean, zenbait agintari eta herritar, arrain txikienei ezkatak kendu nahian.

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!