Kalakan taldea izango da ostiralean Orioko Kanpinean

Orioko Udalak antolatuta Kalakan talde lapurtarraren kantaldia izango da Orioko kanpinean ekainaren 13an, ostiral honetan, gaueko 22:00etan hasita. Sarrerak aurrez erosi behar dira 5 eurotan. Sartzeak eskuratzeko aukera ugari: kanpinean bertan, turismo bulegoan, Kultur Etxean, Errusta eta Kolon Txiki tabernatan. Kantaldia Orioko Kanpinaren berregokitze lanen aurkezpenaren bueltan apirilaren 26an egitekoa zen; baina atzeratu egin behar izan zen eguraldi txarragatik. Kalakan taldea ezaguna bihurtu da azken aldian eta emanaldi ugari eskaini ditu Euskal Herrian eta kanpoan. Lapurdiko hiru musikarik osatzen dute eta, nagusiki, perkusioa eta ahotsa baliatzen dute beren emanaldian. Duela urte eta erdi entzutetsua izan zen Madonarekin egin zuten bira.

Udazkena bitartean Kalakan taldearen kontzertua izango da azkena. Ikasturteari errepasoa eginez hamalau emanaldi egin dira guztira urritik maiatzera, Orion Bizi-Bizi egitasmoaren barruan guztiak: Urko Menaia kantaria, Uhats taldea, Xabier Lizaso eta Andoni Egañaren emanaldia, Zuhaitz Gurrutxagaren bakarrizketa, Aktibo Toxikoa antzerkia, Jon Plazaola eta Barry Barrez bakarrizketak, Pako Aristiren hitzaldia, Arrutiko Intxaurrak, Mikel Markez eta Eñaut Elorrieta izan dira gabon aurretik. Ondoren Joseba Tapiaren Tximela, Ta Orain zer? antzerkia, Niko Etxart kantariaren saioa, Laburbira film laburren zirkuitua, Orioko Bandaren emanaldia plazan, Amaren Alabak eta Igelaren banda taldeak pasa dira. Guztira 1800 ikus-entzule inguru izan dira eta 11.500 euro inguruko aurrekontua izan du programazio osoak. Emanaldietan 80-140 lagunen bueltan ibiltzen dira batazbeste.

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!