Ikastola KIVA programa ezagutzen

Erabiltzailearen aurpegia ORIO HERRI IKASTOLA 2016ko ots. 1a, 11:46
Finlandian garatu eta arrakasta handiz txertatu duten eskola jazarpenaren aurkako KiVa programa ezagutu eta aztertzeko aukera izan zuten ikastolek, Gasteizko Europa Jauregian egin zen lan jardunaldian. Orioko Herri Ikastola ere bertan izan zen.

Eskola jazarpena izugarri murriztea lortu dute Finlandian KiVa programari esker. Finlandiako Turku Unibertsitateak landu duen programa da, herrialde horretako Gobernuak hala eskatuta. 2006an hasi ziren lantzen programa hau, baina 2009an jarri zuten martxan, eta geroztik emaitzak harrigarriak izan dira. Jazarpen kasu batean esku-hartzeko eta jarraipena egiteko programa ere baden arren, KiVak bereziki prebentzioan jartzen du indar handiena.  Eskola jazarpena talde fenomeno bat dela kontuan hartuta, gakoa ikasleen jarreran eragitea da, haien jarreraren eta pertzepzioaren aldaketa proposatzen du.

Goiz osoan zehar Johanna Alanen eta Ulrika Willför-Nyman-en eskutik ezagutu zuten programa ikastolek. Lehena KiVa programaren nazioarteko koordinatzailea da. Bigarrena, berriz, programa hori duela urte batzuetatik hona indarrean duen eskola bateko zuzendaria.

Beren testigantzak eta azalpenak entzun,  eta lau tailer desberdinetan landu zituzten ikastoletako ordezkariek KiVak eskaintzen dituen material eta proposamen desberdinak.

Ikastolen erantzuna, gai honetan duten interesaren parekoa izan zen: Hego Euskal Herriko ikastola guztietatik etorritako ordezkariek hartu zuten parte Gasteizko Europa Jauregian egin zen lan jardunaldian. Seaskatik ere ordezkaritza joan etorri zen. Guztira 300 lagunetik gora -zuzendari, arduradun pedagogiko eta irakasleak- bildu ziren Europa Jauregian.

Ikastolen Elkartearen eta ikastola askoren gogoa zen Finlandian eskola jazarpenari aurre egiteko 2009tik martxan duten KiVa programa ezagutzea, aztertzea eta bertako esperientziaren testigantzak jasotzea. 

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!