Ikastolako parke berriak arrakasta izan du haurren artean

Erabiltzailearen aurpegia ORIO HERRI IKASTOLA 2018ko aza. 19a, 10:30

Udan Ikastola dagoen udal-eraikinaren fatxadaren berritze lanak egin dira. Egoera larrian zeuden kanpo aldeko fatxada berritu zuten aurrena, eta langileek obretan erabilitako tresneria kendu zutenean, ibai aldeko parkea egoera kaskarrean geratu zen.

Hori dela-eta, Ikastolak bere gain hartu du herriko parke hau berritzeko ardura (kostua barne) eta Ikastolan egiten ari diren eraldatze prozesuarekin lotuta, Konfiantzaren Pedagogia egitasmoaren oinarriekin diseinatu dute parkea. Horrela naturako elementuekin eraikitako parkea osatu dute: zoruaren azalera handiena pinu azalekin estalia dago, enbor zatiekin zirkuituak antolatu dituzte, hiru dimentsiotako egiturak osatzen dituzten etxolak jarri dituzte eta landare sensorialak landatu dituzte usaimena, ukimena eta dastamena lantzeko.
Modu honetan haurrek, esperimentatuz, erronka desberdinei aurre egiteko aukera izango dute parkean: oreka, kuriositatea, aurkikuntza...

Haur parke berria 0 eta 6 urte bitarteko umeentzat dago diseinatuta eta, herriko parkea denez, haur guztiek bertan jolasteko aukera dute, irekia baita. Herriko haurrak Ikastolako parke berriaz gozatzea espero dute Ikastolako kideek.

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!